Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Elgeta

Sasi artean Elgeta” komikia irakurri nuen atzo, eserialdi bakarrean, etenik hartu gabe, eta orain berriro irakurtzeko asmoa dut. Ziur nago aurrekoan ikusi gabeko zenbait xehetasunek ihes egin didatela, eta itxaropena dut bigarrenean atzemango ditudala. Egia esan, ez litzaidake axolako hirugarren batean harrapatzea. Aitortu behar dut hipnotizatua bezala naukala Jacinto Rivas “Elgeta”-ren historiak, eta zuzenean gogora iritsi zaidala kontakizuna. Batez ere, ez dakidalako noiz ari zaidan hitz egiten pertsona eta noiz musikaria, ezin ditudalako bizitza eta sormena bereizi; hain modu organikoan doaz itsatsita biak. Hain hurbilekoa egiten zait, eta hain historia unibertsala kontatzen dit. Hain garai historiko kitzikagarriaz ari da, hain ondorio latzak utzi dituena... eta dena dago Elgetaren soinuan eta ahotsean.

Errazkeriaren lurraldeetan sartu-irten bat egingo dut, aipatzeko ez dudala ulertzen nola ez dagoen oraindik haren bizitzaren gaineko filmik, telesailik, dokumentalik, biopic-ik. Benetan, ez zaio inori bururatu halakorik? Edo beste askotan bezala horretarako baliabideak dituztenek ez diote nahikoa interesgarritasun aitortu egitasmoari? Maketoa zelako? Politikoki ez zuzena? Pobre hil zelako? Edo agian ez dugulako baloratzen zer-nolako ondarea gordetzen den trikiti pobre baten hauspoan. Estimatzekoa da oso komiki hau idatzi, marraztu eta argitaratu dutenen ahalegina. Baina balio beza gogoratzeko asko dagoela egiteko.