Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

«Lotsagarri jokatu dugu»

Aurreneko erdi penagarria egin zuen Bitci Baskoniak, eta bigarren laurdeneko 24-6 partzialak partida erabakita laga zuen. Atsedenaldiaren ostean Baldwinek eta Costellok asko txukundu zuten markagailua.

UNICS KAZAN 83

BITCI BASKONIA 69


Kazan Tatarstango hiriburua da, Euroligako «Ekialde Urruna». Bada, behin haraino iritsita, Siberia –eta ez «Siberia-Gasteiz», esaerak dioen moduan– ez dago hain urruti, eta hara bidaltzeko moduko partida burutu zuen atzo Bitci Baskoniak. Aurreneko erdia lotsatzeko modukoa izan zen, bigarren laurdena batik bat, 24-6ko partziala jaso ondoren.

Atsedenaldiaren ostean, Baldwinek eta Costellok egundoko orraztua eta apaindua eman zioten markagailuari, neurri batean Unics Kazanek berak ere bapo lagunduta. Alabaina, hirugarren laurdenaren azken aldera, markagailua 60-44 zela, tatarrek 6-0ko partziala lortu zuten, inondik piztutako itxaropen printzak kolpera zapuzteko.

«Lotsagarri jokatu dugu, inolako nortasunik gabe», bota zuen Dusko Ivanovicek hirugarren laurdena hasi aurretik Euroligako entrenatzaileek eman beharreko elkarrizketa laburrean. Arrazoi zuen Bijelo Poljekoak, gasteiztarren aurreneko 20 minutuak lotsagarriak izan baitziren. Hori bai, hurrengo 20 minutuak ere ez ziren txukunegiak izan, partziala 35-46 izan bazen ere.

Baskoniak berekoi jokatu zuen, egiazko talde jokorik gabe, bere burua Euroligan murgilduta dagoela sinesten ez duen aurkari baten kontra, gainera. Orotara 1.023 ikusle baino ez zituen izan Kazango Basket Hall pabiloiak, eta ez zuten eztarria urratzen lanik hartu behar izan.

Unics Kazanek jokalari onak ditu, baina atzo izarrek baino langileek zapuztu zuten Baskonia. John Brown, Vorontsevich eta Brantleyk Baskonia Siberiara bidali zuten. Merezita.