Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua
GAURKOA

Aurrekook hurrengoei

Ernai gazte antolakundeak bere egitasmo eta planteamenduen berri emateko saioak antolatu ditu asteburu honetan herrian. Tartean orainera ekarri gaituen gazte mugimenduaren gaineko mahai inguru batean parte hartzeko gonbita jaso dut eta lerrook amaitzen ditudanean joan behar dut egun gazte direnei gu zer izan ginen esplikatzera. Orriotan aitortu izan dut maiz iraganaren gai honekin ez naizela eroso sentitzen eta egun batzuk daramatzat oraingo gazteentzat ekarpen bat izan daitekeen “zera” horren bila.

Zer eskain diezaioke urte batzuk dituen pertsona batek egungo gazte bati? Edo, are, zer eskaini behar lioke? Izan ere, ez nuke adinaren defektu intrintsekoa den horretan erori nahi: gu bai onak; gure garaiak, marabillosoak; akatsak akats, eredugarriak izan ginen; ordukoa bai konpromisoa, militantzia eta duintasuna... Sarriegi entzun ditut orokorkeriok azkenaldian. Humanoki ulergarria izan daiteke (belaunaldien arteko elkarrizketa ohikoak izan ohi dira esparru guztietan); politikoki, baina, ez zait iruditzen zintzoegia denik. Izan ginen horren irakurketa batzuk entzuten ditudanean, iruditzen zait beste nonbait egon naizela; beste iragan bat izan dudala edo beste mugimendu bateko kide izan naizela; seguruenik, batzuentzat baliotsuak izan diren gauzak niretzat izan ez diren bezala, niretzat hala direnak beste batzuentzat oharkabean pasa direlako izango da. Horrela, kontserbatu behar den esentzien potetxoa ahotan darabilgunean egun, ez naiz identifikatuta sentitzen batzuen ustez esentzien potetxo horren edukia izan beharko litzakeen horren interpretazioarekin.

Esentziak eta potentziak. “Izan ginelako gara eta garelako izango dira” horrek, izatearen inguruko kontsentsua darama inplizituki (zer izan ginen bada? Gauza bat eta bakarra?), eta nago, izate edo nortasun horren inguruan askotariko interpretazioak daudela eta gutako bakoitzak izate horren aspektu batzuei beste batzuen aurrean ematen dien garrantziaren arabera ikusten duela gure oraina eta etorkizuna. Garrantzitsuena harrotasunean kontsentsua izatea da, borroka luze batek honaino ekarri izanaren kontsentsuan. Halere, prozesuok luze jotzen dute, kontsentsuek euren denborak behar izaten dituzte eta ez dira ziztu bizian doan jendarte baten erritmora egokitzeko gai. Kontsentsuak errazago lortzen dira irabazten denean partida jokatzen ari denean baino.

Eta hemen partida oraindik jokatzen ari da, herri honen askapen borroka ez da amaitu, eta axola duena ez da hainbeste izan ginen horren zer ekarri behar dugun orainera ezinbestean (esentziak), baizik eta irabazteko zer egin behar den (potentziak). Eta egin behar den horretan berrikuntzak nostalgiak baino pisu gehiago duela konbentzituta nago, balioek metodoek baino gehiago, eraginkortasunak edozein eztabaida luze-sakonek baino gehiago, hain zuzen ere, pragmatismoak purutasunak baino balio gehiago duen hein berean.

Errealitate printzipioa. Erdian jarri eta alde guztiak zipriztinduz hobe. Hori izan beharko litzateke, agian, gazte utopikoei esan beharreko lehen gauza. Utopiak ez direla, nire ustez, 2021eko egungo Euskal Herrian, errealitate printzipiotik aldenduz lortuko. Izkinatik ezetz, erdi-erditik zipriztintzen dela mundu guztia; txikitik eragitea ondo egon daitekeela, baina ez dela inolaz ere aski eta sedukzioa dela eskala handian irabazteko baliabiderik onena. Bakoitza bere belaunaldikoa da eta garaiak gure buruak baino azkarrago doaz. Mundua ez da gure buruen eboluzioen zain geratuko, ez dezagun abiada jaistea bilatu. Ez dezagun bide imajinariorik egin. Orain erradikala izatea oso erraza den honetan, jende eta antolakunde asko irudituko zaizkiela erradikalak esaten dituztenak aintzat hartuz gero, baina egunero egunkaria irakurtzeko eta ea Euskal Herriko orrietan zenbat egitasmo erradikal aurkitzen dituzten idatzita gure mugimendu politiko honen planteamenduetatik haratago. Badira eurek arrazoia izatearren gauzak gaizki ateratzea nahi luketenak. Inportanteena, baina, ez da arrazoia izatea, irabaztea baizik.

Hemen, egungo Euskal Herrian, saiatu eta asmatu behar dela esango diet, garaian saiatu eta asmatu zen bezala. Bide bat badagoela eta emango duena ikusteke dagoela oraindik, frustrazio goiztiarren tentaldiak saihesteko eta beti gaudela garaiz beste saiakera batzuk egin eta asmatzeko. Pazientzia eta umiltasuna bertute handiak direla eta garaiotan are handiagoak bihurtu direla. Eta funtsezkoa: hau ez dela norberekoikeriak eta norberaren existentziak bizirauteko tokia, toki kolektibo eder bat dela, belaunaldiz belaunaldi zaindu beharreko toki-familia ideologiko-politiko bat, pluralagoa eta handiagoa izateko anbizioa izan behar duena. Irabazi arte desintegratu ezin daitekeena (eta orduan ere eztabaidatuko dugu!)

Errealitate printzipioak, gainera, Euskal Herriaren panorama interesgarri batera garamatzala uste dut. Badira borroka berriak, gizarte antolatu forma berriak, jendarte informatuago bat izateko aukerak, zentzu on eraldatzaile baterako aukerak, Espainiatik bereizteko argudio metaketa etengabeak, ezker independentismoaren tesi historiko hainbaten baieztapenak; urte asko beranduago hainbaten mozorroak biluztu egin dira eta eskuin klasikoen eskemen itogin guztiak ageriago daude egunez egun. Europan bezala hemen ere gauzak aldatzen ari dira, onerako, guk nahi dugun berdinen errepublika justuago bat lortzeko. Badira etorkizuna baikor ikusteko arrazoiak. Indarrak batzeko eta lan egiteko garaia da; asko garela erakutsi, maukak jaso eta eskuak zikintzeko, izerditzeko garaia. Datorren larunbatean belaunaldi guztiok Bilbon elkartu behar dugula esanez bukatuko dut, jendetza biltzeko herri honek duen gaitasuna baita herri honetako belaunaldi zaharragoek gazteagoei eman diezaiokegun ondare ederrenetakoa.