Iraide IBARRONDO

«ADINEKOEN INDARKERIA ZANTZUAK ZAHARTZAROAREKIN LOTZEN DIRA SARRI»

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren atarian, Emakundek adineko emazteen aurkako indarkeriaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu zituen atzo Bilbon. Bertan, adinekoek sufritzen duten ikusezintasuna salatu zuten.

Adineko emakumeak izan ziren atzo, azaroaren 25a heltzear den honetan, Emakundek Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako jardunaldietako protagonista nagusiak. “Adineko emakumeak, indarkeriaren aurrean boteretsuak” lelopean adineko emakumeek pairatzen duten ikusezintasuna eta indarkeria jorratu zituzten.

Jardunaldietako ondorio orokor eta garrantzitsuena bai adineko emakumeek bai haien aurkako indarkeriak ere erabat normalizatuta eta ikusezin bihurtuta jarraitzen dutela izan zen. Hizlari moduan aritu ziren Monica Ramos Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak –antropologoa eta zahartzaroan zein generoan aditua da–, eta Anna Freixas idazle eta gerontologoak, bat egin zuten ondorio horretan. Bi adituek salatu zuten emakume heldu asko ez direla kontziente genero indarkeriaren biktimak direla. Izan ere, “genero indarkeria” kontzeptu fisiko bezala soilik ulertzen dute adineko emakume askok, eta indarkeria psikologikoa, ekonomikoa eta sexuala «normaltzat» hartzen dituzte haien bikote harremanetan.

Are gehiago, haien inguruak ere, bai sozialak, bai familiarrak, bai osasun alorrekoak, genero indarkeria antzemateko arazoak dituela plazaratu zuen Torok: «Osasun profesionalek indarkeriak eragindako adinekoen lesioak eta portaerak zahartzaroarekin lotzen dituzte sarri, ez genero indarkeriarekin. Zaharra denez, erori egingo zela pentsatzen dute...». Beraz, arreta psikologikoa eman beharrean, medikuek indarkeriak eragindako mina (fisikoa zein psikologikoa) baretzeko beharrezkoak ez diren farmakoak errezetatzen dituztela salatu zuen: «Biologiari erreparatzen diote, ez biografiari».

Kasu askotan, senideek ere ez dute biktimen egoera batere errazten. Torok azaldu zuenez, genero indarkeria sufritzen duen beste edozein adineko emakumeri erasotzailearengandik banatzeko aholkatuko litzaiokeen bitartean, senideek, seme-alabek zehazki, harremana hautsi ordez «erasotzailearekin jarraitzera» animatu ohi dute biktima.

Tratu txarrak, kasu gehientsuenetan, psikologikoak izan ohi dira eta bai senideek eta bai biktimek erabat naturalizatzen dituzte denboraren poderioz, askotan 30-40 urte luzez irauten duten harremanak baitira. «Tratu txarren identifikazioa falta da biktimen beraien aldetik. Ez dute beraiek soilik biolentzia naturalizatu, baita haien inguruak ere: seme-alabek, auzokoek…», azaldu zuen Torok. Hori horrela, adineko pertsonen arteko ezkontzetan «harremanean senarraren dominazioa normaltzat» ematen dela esplikatu zuen antropologoak, eta hori oso «arriskutsua» dela gehitu.

Zahartzaro duina

Anna Freixasek, bere aldetik, adineko emakumeen ahalduntze beharra nabarmendu zuen: «Oraindik egiteke ditugu diruaren, edertasunaren, garbitasunaren eta zahartzaroaren iraultzak».

Diruaren esparruan, Freixasek sutsuki azpimarratu zuen independentzia ekonomikoa guztiz ezinbestekoa dela «boterea eta askatasuna» eskuratzeko. «Txirotu egiten gara lan merkatutik eta pentsioetatik aldentzen gaituzten ibilbideak aukeratzen ditugun une berean», nabarmendu zuen gerontologoak.

Edertasunaren alorrean, aldiz, Freixasek esan zuen ahalduntzea ez dela «Barbie gisa mozorrotzea» eta «gazte plantak» egitea, baizik eta «zahartzaroa duintzea, parte hartzea, iritzia ematea eta iradokitzea», adineko emakumeen ereduak falta baitira: «Denok Barbie panpinaz mozorrotuta goazen bitartean, neskatoek oso zail daukate adineko emakume duinen modeloak izateko».

Bestalde, ezetz esaten eta nork bere burua aurretik jartzen ikasteko beharra azpimarratu zuen Freixasek. Izan ere, adineko emakumeek beraien familien ongizatea lehenesten dute sarri, «harreman desorekatuak» urte luzez arrastaka eramanez. «Mundu guztiaren ongizatearen pisua arrastaka eramatea zeharo nekagarria da», gaineratu zuen idazle eta gerontologoak.