GARA
Bilbo

Abian da Euskariana Liburutegi Digitala, 750.000 baliabide baino gehiagorekin

Euskariana EAEko Liburutegi Digitala jarri zuen abian Lakuako Gobernuak atzo, Bilbon, EAEko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldian. Euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten euskal erakunde publikoen, unibertsitateen eta erakunde pribatuen lankidetza estuaren emaitza da Euskariana, 750.000 erreferentzia eta objektu digital eta multimedia baino gehiago biltzen dituena.

Lakuako Gobernuak EAEko Liburutegi Digitala, Euskariana, jarri zuen abian atzo. Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako hainbat erakundetako eta datu-basetako artxibo digitalizatuetako 750.000 erreferentzia eta objektu digital eta multimedia baino gehiago bildu dituzte bertan.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendari Begoña de Ibarra, Bilboko Udaleko kultura zuzendari Iñaki Lopez de Aguileta, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari Mari Jose Telleria eta Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendirekin batera, aurkeztu zuen Euskariana Bilbon, EAEko Artxibo Historikoan.

Euskariana euskal kultur erakunde, artxibo, liburutegi eta museo guztiek parte hartzen duten lankidetza proiektua da. Gaur egun, hainbat katalogo kolektibotatik (EAEko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa) eta biltegietatik datozen funtsak biltzen ditu eta horrek hainbat erakunderen (Lakuako Gobernua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, udalak eta unibertsitateak) eta, besteak beste, Eusko Ikaskuntza, Eresbil edo Sancho el Sabio, Labayru eta Lazkaoko Benediktinoen fundazioen ahaleginen bilgune bihurtzen du.

Euskal egileek sortu duten guztia, EAEn argitaratu den guztia eta munduko edozein tokitan euskal gaiei buruz sortu den guztia jasotzea du helburu. Era berean, Euskarianak arreta berezia eskaintzen die euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukiei. Liburutegi digital hau ez da ohiko liburutegia; izan ere, 750.000 multimedia objektu baino gehiago biltzen ditu, euskarri fisiko oso desberdinak dituzten materialen kopia digitalak; liburuak, eskuizkribuak, egunkariak eta aldizkariak; argazkiak, material grafikoak, museo-piezak, partiturak, musikako lanak eta ikus-entzunezko materialak.

Euskarianak ate digitala izan nahi du, euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki sarean bilatzea ahalbidetu eta erraztuko duena. Horretarako, ahalik eta baliabide digital gehien bildu nahi ditu euskal kulturarekin lotuta, eta bereziki, bibliografikoak, erregistroak sistematizatuz eta homogeneizatuz, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz. Bai esteken bidez, bai bere biltegiaren bidez, aipatutako materialen edukiaren zati handi bat eskuratzeko eta deskargatzeko aukera eskaintzen du.

Gainera, kalitatezko zerbitzu publikoa eman nahi du, publiko orokorraren edota publiko espezializatuagoaren beharrei erantzungo diena; hau da, informazioa eta irakurketa atsegina bilatzen dutenak zein ezagutza berriak sortzea helburu duten ikertzaileak aintzat hartuta.

Elkarlanaren emaitza

Euskariana erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioan garatutako proiektua denez, dozenaka iturri ditu; besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko liburutegiak, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa, bai eta espainiar eta frantziar estatuetako liburutegi nazionalak, British Library eta Deutsche Nationalbibliothek ere.

1836an, «euskarienne» terminoa erabiltzen lehenak izan ziren Antoine d'Abbadie eta Agosti Xaho. Arturo Campion politikari, idazle eta hizkuntzalari euskaldunak “Euskariana” terminoa aukeratu zuen, lehenago euskal gaiei buruz egunkari eta aldizkarietan argitaratutako bere hainbat idatzi bateratu eta elkarrekin kaleratzeko. “Euskariana”-ren lehen saila 1896an inprimatu zen eta azkena, 1936an.