GARA
IRUÑEA

VWek Landabengo lantegia bi astez itxiko du pieza faltagatik

Volkswagenek bi astez itxiko du Nafarroan duen lantegia, azaroaren 29tik abenduaren 12ra bitartean, Climatronic klimatizazio aparailuak beharrezkoak dituen erdieroaleak ez direlako Thailandiatik iritsi, konpainiako zuzendaritzak sindikatuei atzo jakinarazi zienez. Alfredo Morales (UGT) langile batzordeko presidenteak adierazi zuenez, egoera «oso kezkagarria» da. Gainera, geldialdiaren ondoren, litekeena da lantegia egun gehiagoz ere itxi behar izatea.

Bi astez, azaroaren 29tik abenduaren 12ra bitartean, Volkswagenek Nafarroan duen lantegia itxita egongo da pieza faltagatik. Geldialdiaren ondoren, litekeena da Landabengo fabrika egun gehiagoz ixtea, baina konpainiak ez du oraindik erabaki.

Alfredo Morales (UGT) langile batzordeko presidenteak atzo azaldu zuenez, Climatronic klimatizazio aparailuak beharrezkoak dituen erdieroaleak, Thailandiatik iritsi beharrekoak, dira falta direnak. Moralesek adierazi zuenez, egoera «oso kezkagarria» da. «Erdieroalerik ez egoteari lanik gabeko egunak eta diru-sarrera gutxiago izatea gehitu behar zaizkio, baita SEPE prestazioak ez kobratzea ere. Ea nola egiten dugun, enpresako zuzendaritzarekin batera, langileei aire pixka bat hartzeko aukera emateko», adierazi zuen Volkswageneko langile batzordeko presidenteak.

Ildo horretan, Moralesek azaldu zuen langile batzordea lantegiko zuzendaritzarekin lanean ari dela lan arloko akordio bat lortzeko, egoera zailari aurre egiteko helburuarekin. «Berme-akordio bat dugu, eta aurtengo abenduaren amaieran amaituko da. Enpresako zuzendaritzarekin lan egin behar dugu akordio hori berritzeko eta datorren urteko lehen hilabeteetan ere enplegu eta soldata berme horiek izateko», nabarmendu zuen Moralesek, hurrengo hilabeteetan ere hornidura arazoek jarraituko duela aurreikusita.

UGTtik EFE agentziari jakinarazi ziotenez, autoak eta beste elementu batzuk estaliko dituzte ostiralean, hilak 26, boluntarioekin, batez ere muntaketan. Bestelako lanak ere egingo dira, hala nola, masillak purgatzea. Halaber, bospasei lagunek lan egingo dute goizeko eta arratsaldeko txandan, azaroaren 29an eta 30ean. Ekoizpena abiatu aurreko egunean, ohikoa baino talde handixeagoa joango da plastikoak kentzera. Mantentze lan puntualak ere egingo dira.

Atzo egindako bileran, enpresak adierazi zuen ezin duela aintzat hartu langile batzordeak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteko zenbatekoak ez deskontatzeko egindako eskaera, «ezinezkoa baita ordaindutakoarekin bat ez datorren nomina bat jakinaraztea Gizarte Segurantzari».