Andoni ARABAOLAZA
FONTAINEBLEAU

11 urteko Tristan Chouvy 8b mailako «Lacrima»igotzeko gai izan da

Fontainebleaun bizi den haur frantziar horrek blokearen lehen errepikapena erdietsi du. Zailtasun horilortu duen bigarren eskalatzaile gazteena da; arrakasta hori lortu zuen lehena Ashima Shiraishi izan zen.

Duela egun batzuk, blokean espezialista indartsua den euskal eskalatzaile batek zera adierazi zigun: «Nazkatuta nago haur ‘txatxu’ horiek egiten dituzten jarduerekin. Koltxoneta eta katu-oinak zintzilikatzeko gogoa ematen dit».

Hain zuzen ere, eskalatzaile hori Tristan Chouvy frantziarrak Fontainebleaun lortutako arrakastari buruz ari da. 11 urte besterik ez du, eta “Lacrima” sinatu berri du. 8b maila duen blokea da, eta, gainera, bigarren igoera egin du.

Haurraren aita Pierre-Arnoud-ek honakoa adierazi du: «Zailtasun horretan nire semeak ez du eskarmenturik, eta, beraz, maila horren inguruan ez du iritzirik. 8a zailtasuneko bloke batzuk egin ditu, baina hortik gora ‘Lacrima’ lehena izan da. Tristanek aitortu dit inoiz egin duen bloke gogorrena izan dela, eta asko sufritu zuela».

Eskalatzaile gazte honek garaiera txikia du: metro bat eta 44 zentimetro. 11 urte besterik ez du, baina “Lacrima” igotzen grabatutako bideoan badirudi eskarmentu luzea duela. Haren aitak gehitu du semearen garaierak ez duela ezertan baldintzatu: «Ni ia bi metro luze naiz, eta, semeak ez bezala, hainbat mugimendu ezin ditut askatu. ‘Lacrima’-k mugimendu intentsoak ditu, eta heldulekuak oso txikiak dira. Horrek hatzei indar handia eskatzen die. Gainera, erabateko zehaztasunarekin eta oreka handiarekin eskalatu behar da. Eta, tira, semeak hori guztia ondo kudeatu du».

Aski ezaguna

Haurrak eskalatu berri duen bloke horren inguruan aurreratu behar dugu beste espezialista batzuk saiatu direla, baina den-denek huts egin dute. Nahiz eta ordura arte gehienez 8a mailako blokeak egin, 8b zailtasunera salto egiteko apustua egin zuen. Hain zuzen ere, Philippe Le Denmat-ek proposatu zion: «Philippe goi mailako espezialista da, eta oihan horretako korapilo esanguratsuenak ezagutzen ditu. Adibidez, oso ezaguna den ‘Duel’-en (8a) lehen igoera egin zuen. Onartu behar dut hasieran proiektu hori ez zela batere errealista. Lehen ekinaldiak duela hilabete batzuk egin zituen, eta ‘Lacrima’ gainditzea bere mugetatik kanpo zegoen. Batez ere, beheko lehen mugimendu gogorrak buruhausteak eragin zizkion».

Halere, ez zuen etsi, eta, azkenean, bloke gogor horren lehen errepikapena lortu berri du: «Semea ez da jabetzen lortutako arrakastarekin, eta esan dit izaera horretako beste xede bat probatu nahi duela».