Amaia EREÑAGA
56. DURANGOKO AZOKA

ITZIAR ITUñOREN «IHESALDIA» PAPEREZKO ETXETIK KULTURAREN PLAZARA

LA CASA DE PAPEL» TELESAILAREN AMAIERAREN AURKEZPENEAN GLAMOURREZ BETERIKO SOINEKOA ZERAMAN. DURANGON KALEZ JANTZITA ZEGOEN, LIBURUAK SINATZEN, ELKARRIZKETA-LIBURU BATEKO PROTAGONISTA DELAKO. ITZIAR ITUñOK GLAMOURRA ERAMAN ZUEN ATZO AZOKARA; OSO ETXEKO GLAMOURRA. ETA GAUR AZOKAREN 56. EDIZIOARI AGUR ESANGO DIOGU.

Iragan ostiralean estreinatu zuen Netflixek “La casa de papel” telesailaren bosgarren denboraldiaren bukaera. Bost atal, mundu osoan banaturik dituen zaleek takada batean irentsi dituztenak, telesail arrakastatsuaren inguruan gertatu den guztia planetarioa izan delako, izugarria, telebista plataformok iritsi arte ezezaguna zen tamainakoa. Datu bat: Ameriketako Estatu Batuetan Netflixen titulurik ikusiena izan zen ostiralean.

Azokarako bidea hartu aurretik, kuriositate hutsagatik, Itziar Ituñoren izenarekin bilaketa bat egin genuen atzo goizean sare sozialetan. Instagramen 5,5 milioi jarraitzaile ditu. Twitterren bertigoa eta guzti ematen du bere izenaren inguruan agertzen den erreferentzia andana ikusteak. Bertako “maite zaitut”, “onena zara!” eta antzekoek ez dute amaierarik. Aktore basauriarrak Raquel Murillo Lisboa pertsonaiarekin lortu duena 50eko hamarkadan Hollywoodeko izarrek eragiten zuten fan fenomenoarekin aldera daiteke.

India, Brasil, Iran... fan uholde hori “surfeatzea” ez da erraza izango. «Telesailaren bitartez jaso dudana itzela izan da, zeren, azken finean, lanaren errekonozimendua da, baina hori baino gehiago ere bada: maitasun itzela, kariñoa, laudorioak... Halere, momentuko gauzak direla badakit, ni ez naizelako atzo jaiotakoa. Badakit nola funtzionatzen duen mundu honek. Hau aprobetxatu behar duzu, badakigulako gero etorriko dela bakea, lasaitasuna eta agian langabezia», zioen atzo Durangon aktoreak.

Azokan “Zorrotz” argitaletxe eta hedabide digitalaren stand-ean zegoen, proiektu honen hastapenei bultzada ematera joan baitzen Durangora. Igor Meltxor kazetariak martxan jarritako hedabidearen lehen emaitza da “Itzi” elkarrizketa-liburua (gaztelaniaz kaleratu dute eta euskarazko bertsioa ere argitaratuko dute), eta seguruenik Azokako lan salduenen zerrendan sartuko da.

«Asko eman, asko kendu»

«Hau Igor Meltxorren liburua da, nik berba baino ez dut egin. Barruak mugitzen dizkit liburu baten azalean nire burua ikusteak, film batean baino gehiago, liburua hor gelditzen delako, ukitu ahal duzulako. Halere, nik nire ideia propioak, nire iritzi eta esperientziak ditut, baina beste edozein pertsonak bezala, besterik ez», zioen. Azokan ere zaleen hitz goxoak eta argazki eskaerak jaso zituen egun osoan zehar, baina beste era batera. Etxean zegoen. «Ni beti etorri izan naiz gauzak erostera eta kontzertuetara –zioen–. Nire lehengo aldia da stand baten atzean, eta beste ikuspegi batetik ikusten da. Aurten nabaritzen dut Azoka desberdin: lasaitxoago, jende gutxiagorekin, ohiko Azoketan hau izaten delako zoramena! Baina pozik nago etxean nagoelako, jendea ikusten, ezagunak besarkatzen... Hemen nago nire saltsan: bestean, glamourrean, ez hainbeste».

Ezustean harrapatu zituen “La casa de papel” taldekoak telesailaren arrakastak. «Hau ez zegoen nire planetan: nik beste plan batzuk nituen eta bizitzak, berriz, beste batzuk zituen niretzat. Ni joan nintzen Madrilera zortzi hilabete pasatzera hau grabatzeko eta, begira, bost urte bihurtu dira. Esperientzia itzela izan da, intentsoa eta, batzuetan, gogorra. Polita eta gogorra izan da aldi berean. Asko eman dit eta asko kendu, baina pozik nago, beste ate batzuk zabaldu zaizkidalako lan arloan».

2022an estreinatuko du Paul Urkijoren “Irati”, orain gutxi grabatzen bukatu dutena. «Oso ona da, ikusiko duzue! Parte hartu dugunok azalean zirrara dugula gaude, eta filma egiten ari ginenean berdin. Jean Mixel ere badago [Kalakaneko partaidea, Ituñok gibelean duen standean daude musika taldekoak] eta berak gauza bera zioen».

Poza eta sinadurak

Lasaitu ederra hartu du egunotan Ima Garrastatxu Durangoko alkateak. «Pozik nago, oso pozik Azokarekin», aitortu zigun. Korridore batean egin genuen topo Garrastatxurekin, Landako Guneko “kaleetatik” gora eta behera igarotzen ditugu baititugu egunak Azokan lanean ari garenok. Durangaldeko kutsatze tasa altuak eta osasun egoerak eskatzen zituen neurri zorrotzak etengabeko kezka iturri izan dira Durangoko Udalarentzat eta Gerediaga elkartearentzat azken hilabeteotan. Egun batean goian zeuden, aurtengo edizioa egoera normalean egin zezaketela amesten; hurrengoan, dena bertan behera geldituko ote zen beldurrez. «Ez da betiko Azoka, baina lortu dugu egitea, eta ez da gutxi», zioen alkateak.

Durangoko Udaltzaingoaren arabera, «asteburuan beste asteburu normaletan baino jende gutxiago egon da herrian –zioen–. Egia da eguraldiak lagundu digula, baina kaleak ez dira beteta egon, nahiz eta mugimendua izan den». Eta beste datu garrantzitsu bat: «Jendeak zaindu egin du Azoka, gurea dela barneratuta dugulako. Bisitariei ardura eskatzeko egin ditugun kanpainei kasu egin eta jendeak arduraz jokatu du».

Elkar argitaletxearen standean, Alaine Agirre (“Karena”) eta Lander Garro (“Faith”) jo eta su ari ziren liburuak sinatzen. «Aurreko liburutik zazpi urte pasatu dira eta gainera postpandemia egoera hau, eta Landako baldintza hauetan... Apaltasun guztiarekin etorri naiz, saldu eta jendearekin topatzera, eta atzo arratsaldean [astelehenagatik] editoreak esan zidanean liburuak agortu egin zirela ba ez nekien oso ondo nondik harrapatu. Zaila egiten zait irakurketa arrazional bat egitea», zioen idazle errenteriarrak. Bezperan “Tipularen sehaska kanta” bere azken dokumentalaren aurrestreinaldia egin zuten Irudinean (crowdfunding bidez lortu da finantzaketa kartzela eta gaixotasuna ardatz dituen filma aurrera ateratzeko); atzo, “Faith” aurkeztu zuen Ahotsenean.

Irrati elkarrizketa bat egitera zioan bitartean, etengabeko ibilbide horretan, Landakon gora eta behera, “Faith” eleberriari buruz hitz egin genuen Lander Garrorekin: «Esango nuke errelato nagusi ofizialak sinetsarazten duenaren kontra, badagoela kontzientzia garbi bat: guk kontatu behar dugu gure bizitzan zer gertatu den. Eta, nire kasuan, badago ‘gosetxo’ bat nire tribuaren partetik entzuteko istorioak gure ikuspegitik eta ez etsaiaren ikuspegitik. Eta alde horretatik sentitzen dut egindako lana inportantea dela, errelato kolektiboaren argamasa horretan, zure adreilutsua jartzen duzulako. Eta uste dut badagoela sentimendu orokortu bat egin behar dugula hori. Nire ustez irakurtzea bada ere parte hartzea errelato horretan».