GARA
BILBO

329 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren hiztegian

Narko, hormatzar, efektibo, ponentzia, artefaktu, light, tik-tak, txikitero, ibuprofeno, intzidentzia... Euskaltzaindiak azken eguneraketan gehitu dituen formen artean, pandemiari lotutako anitz.

Hiztegia sarean eguneratu du Euskaltzaindiak (Euskaltzaindia.eus atarian) eta 329 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan (211 sarrera eta 118 azpisarrera); era berean, 306 forma moldatu edo findu ditu. Gehitu diren forma batzuk: narko, hormatzar, efektibo, ponentzia, artefaktu, arpilatze, faktoria, light, literal, lurrazpi, tik-tak, txikitero, ibuprofeno, pisukide, doktrinamendu, podcast, lan(-)istripu, larrialdi(-)zerbitzu, klima(-)larrialdi...

Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du bere hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2021eko bigarren seihilekoan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu orain sareratu den eguneratzeak.

2021ean, guztira 2.202 forma landu dira: 1.281 moldatu eta 921 forma berri jaso (638 sarrera eta 283 azpisarrera). Eta azken sei hilabeteotan 329 forma berri jaso ditu, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Hartara, azken txandan 329 forma berri jaso ditu Akademiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 211 sarrera eta 118 azpisarrera. Era berean, 306 forma moldatu edo findu ditu: 261 sarrera eta 45 azpisarrera.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak esan zuenez, «asko eta askotarikoa» da azken sei hilabeteotan landu den materiala. «Hitz berriei erreparatu bai, baina batez ere lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ibili gara, lan hori ez baita inoiz amaitzen», azaldu zuen Urkiak.

Covid-a ere hemen

Azken sei hilabeteotan hitz ugari gehitu zaizkio hiztegiari. Gutxi batzuk aipatzearren: apuratu, artefaktu, narko, hormatzar, efektibo, dietista, kafetxo, ponentzia, artefaktu, arpilatze, faktoria, light, literal, lurrazpi, joskintza, fideikomiso, partzela, tik-tak, txikitero, txupito, zurrupada, pisukide, doktrinamendu, rockero, spam, monolaborantza, podcast... Pandemia garaiari lotutako zenbait ere aurkitu daitezke: autoebaluazio, antiinflamatorio, erresidentzia, hilgarritasun, inflamazio, intzidentzia, kutsakortasun, medikalizatu, online, ibuprofeno, parazetamol, potentzialtasun, prebenitu, presentzial, preskripzio, sekuentziazio, zientifikoki, zonifikazio...

Azpisarrera berrien artean ere badira berrikuntzak. Esaterako, honakoak gehitu zaizkio hiztegiari: arrisku(-)egoera, haur(-)eskola, orri(-)bazter, setio(-)egoera, sexu(-)abusu; sexu(-)eraso, hil ala biziko, lan(-)istripu, larrialdi(-)zerbitzu, off-eko ahots, berri(-)agentzia, klima(-)aldaketa, klima(-)larrialdi, esklusiban, foru(-)zuzenbide.

Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.596 forma ditu guztira (40.002 sarrera eta 9.594 azpisarrera) eta 68.695 adiera (horietatik 2.420 azpiadierak dira).