Ane URKIRI ANSOLA
REALA

Gemma Gilik beste urtebeterako berritu du: «Hemen egon nahi dut»

Gemma Gili erdilariak 2023. urtera arte luzatu du kontratua Realarekin. Donostiara iritsi zenetik, ezinbesteko pieza bilakatu da Natalia Arroyoren plangintzan eta, beraz, bere jarraipena lotzea funtsezkoa zen klubarentzat. Valentziarra 2020. urteko udaran iritsi zen Realera eta kontratua bere osotasunean betez gero, hiru denboraldi emango lituzke talde txuri-urdinean.

Lehendabiziko denboraldian 31 partida jokatu zituen, 26 hasieratik, eta gol bat sartu zuen. Aurten, ligako partida guztietan parte hartu du, horietatik 15ean hasieratik arituta. Oraingoz, beste gol bat egin du. Iris Arnaiz erdilariarekin batera, oso bikote orekatua eta indartsua osatzen du Gilik.

«Hemen egon nahi dut», adierazi zuen atzo Castello de la Planako jokalariak hitzarmena berritu berritan. «Oso gustura nago, jokatzen ere asko disfrutatzen ari naiz eta horregatik jarraitu nahi dut», gehitu du klubari emandako elkarrizketan.

«Batek pentsatzen du non jarrai dezakeen hazten, ikasten, non sentitzen den maitatua, non dagoen gustura... Hemen halaxe sentitzen naiz, baloratua sentitzen naiz, garrantzitsua, eta horiek dira, besteak beste, erabaki hau hartzera eraman nauten arrazoiak», azaldu zuen Gilik.

Taldea egiten ari den denboraldi gogoangarriaz ere mintzatu zen: «Inork ez zuen espero une honetan hain ondo egongo ginenik, hainbeste hilabetetan hain maila altua mantenduko genuenik». Emaitza on hauek taldearen konfiantza handitzen dutela gehitu zuen eta orain, bigarren itzulia hasi berritan, helburuak betetzeko unea iritsi dela, «anbizio osoarekin».

800 bazkide

Bigarren itzuliko aurreneko bi partidak irabazita –Athletic eta Valentzia–, Bartzelona «ahalguztiduna» jasoko du igandean, 12.00etan. Klubak aurretiaz martxan jarri zuen izen-emate prozesuan, 800 bazkidek eman zuten izena eta, beraz, Zubietako z7 zelaian baimenduta dagoen edukiera bete da. Apenas sei orduan eman zuten izena kasik mila lagunek.