GARA
Bilbo

Pandemia aurreko eragin ekonomiko erdiarekin itxi du 2021a BECek

Bilbao Exhibition Centrek (BEC) 45,5 milioi euroko eragin ekonomikoa sortu zuen 2021ean, pandemia aurreko kopuruaren erdia. 207 ekitaldi antolatu zituen, eta 789.523 bisitari hartu.

BECek 45,5 milioi euroko eragin ekonomikoarekin bukatu zuen ekitaldia, 959 lanpostu sortu zituen eta 5,6 milioi euroko zerga-bilketa izan zuen, egindako 207 ekitaldiei esker (26 azoka, 159 konbentzio edo ekitaldi eta 22 ekintza Bizkaia Arenan).

2019an, aldiz, eragin ekonomikoa 92,5 milioi eurokoa izan zen, 212 ekitaldirekin. Zerga-bilketa 11,5 milioi eurokoa izan zen, eta 1.908 lanpostu sortu ziren.

Pandemia aurreko datuekin alderatuta, 2021eko emaitzak asko jaitsi diren arren, iaz baino datu hobeak lortu ditu BECek azken ekitaldian, zentzu guztietan: 2020an 34,8 milioikoa izan zen eragin ekonomikoa eta 94 ekitaldi egin ziren.

Jarduerak berreskuratu dira

Barakaldoko zentroak atzo jakitera eman zuenez, 2021 «jarduera berreskuratzeko urtea» izan zen, eta eskaini zuen programak «dinamismoan irabazi zuen hilabeteek aurrera egin ahala», nahiz eta pandemiaren ondorioak nozitu zituen.

Joan den urtean, aurrez aurreko topaketek «kalitateko, berrikuntzako, ezagutzako eta aisialdiko harremanetarako» espazio gisa zuten balioa handitzea «erabakigarria» izan zen, «goranzko kurba izan baitzuten, are biziagoa udaren ondoren».

Kontuan hartu behar da, bestalde, apiriletik irailera bitartean, Barakaldoko BECeko 6. pabiloia Osakidetzaren txertaketa masiboko zentro bihurtu zela, eta urtearen amaieran, egoera soziosanitarioak okerrera egin zuenez, bertan behera utzi zuen Gabonetako Haur Parkearen ospakizuna.

BECek ziurtatu zuen «baikortasunez» egingo diola aurre urte honi, eta «nazioarteko ekitaldi berriak jasotzeko» prestatzen ari dela jakinarazi zuen. Ekitaldi horien artean, Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 31. edizioa egingo du ekainean, eta fabrikazio aurreratuan aitzindari diren enpresak bilduko ditu.