Mabel Cenizo
Caritas Gipuzkoa
KOLABORAZIOA

Begirada bat atzerantz

Urteko azken egunetan, urteko laburpen moduan, hamabi hilabetez gizarte moduan bizi izan ditugun gertaera garrantzitsuenak entzuteko aukera izaten dugu, zenbait ikuspegitatik. Eta balantze horretan, urte berrirako erronkak adierazten zaizkigu; hots, zer utzi dugun atzean, konponduta, eta zer dagoen konpontzeko.

Caritas Gipuzkoak ere egiten du bere analisia eta artatzen eta laguntzen ditugun ehunka pertsonaren bizitzaren ikuspegitik zer erronka dauden azaleratzen dugu. Kezka moduan, bi gizarte egoera nabarmentzen ditugu, eta bi dira, halaber, proposatzen ditugun konponbideak. 

Pobrezia gaztetu egin da. Pandemiaren hasiera-hasieratik, Caritas ohartu da gure gizarte arretaren zati handi baten hartzaileak, zuzenean edo zeharka, 30 urtetik beherako pertsonak direla. Datu esanguratsua eta kezkagarria da, eta ohartarazten digu sistema publikoak ez dituela gazteenak babesten, eta agerian jartzen du gazte horiek ez dutela hobetzeko itxaropenik eta horrek guztiak kezka eragiten duela haien etorkizunean, eta, beraz, baita gizarte osoarenean ere.

Lana, diru-sarrerak eta etxebizitza. Egoera horrekin eta gizarte-talde horrekin lotuta, erronka moduan politika publikoek hiru arlotan sortu behar dituzte aukerak. Lan duina, bizitzeko adinako diru-sarrerak lortzeko. Diru-sarrerak, lan ezari edo lan prekarioari aurre egiteko. Eta, azkenik, etxebizitza izatea, funtsezko beharra da eta. Hiru zutabe horiek garatu egin behar dira, familien zaintza-beharrak kontuan izanda.

Pobrezia harremanekin lotuta dago. Zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonek, familia edo gizarte-sarerik ez dutelako, edo sare horiek urriak direlako ere izaten dute egoera hori. Bada datu adierazgarri bat: Caritasek artatzen dituen pertsonen ehuneko handi bat bakarrik dauden pertsonak dira, familia edo gizarte-sarerik ez dutenak konponbide bat emateko beren egoera ekonomikoari, edo bizitzarako hura bezain garrantzitsuak diren beste gauza batzuei; esaterako, gaixo daudenean zainduak izatea…

Elkartasun babeslea eta komunitarioa. Caritasek azpimarratu egin nahi du Gipuzkoako gizartea solidarioa dela, eta aitortu egin behar dio hori gizarteari. Erakundeko boluntarioen kopurua nabarmen handitzea, eta herritarren ekarpen ekonomiko ezberdinen bidez jasotako ekarpenak eskertzen ditugu.

Horiei esker, besteak beste, familiei zuzeneko laguntzak eskaini eta kudeatu ditugu oinarrizko beharrak asetzeko. Zentzu horretan, “Duintasuna eta autonomia elikatu” sentsibilizazio-kanpaina ere bultzatzen ari gara.

Baina elkartasun horrek ekintza kolektiboagoak egitea eskatzen du, bi bidetatik. Batetik, pobreziatik eta bazterkeriatik babesten duten politika publikoei babesa emanez, eta, bestetik, espazio komunitarioak garatuz bakardadeari aurre egiteko, gero eta handiagoa baita.

Elkartasuna auzotartasun bihurtu beharra dago, inguratzen gaituztenekiko kezka zintzoa izatea, elkar topatzea, elkarrizketa eta parte hartzea bilatuz. Itxaropenez betetako urte zoriontsua opa dizuegu!