Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Bideak

Eider Rodriguezen “Eraikuntzarako materiala” (2021) nobela irakurtzen amaitu berritan heldu nion Maggie Gyllenhaalek zuzenduriko “The Lost Daughter”(Alaba galdua, 2021) filmari, 2021eko azken egunetan. Alkohol mendekotasunak baldintzaturiko aita-alaba batzuen arteko harremanaren azterketa zorrotza eskaintzen du lehenengoak; amatasunaren gaineko hainbat mito gupidarik gabe iraultzen ditu bigarrenak.

Lan bikainak dira biak, genero eta afektu kontuei heltzen dieten modu sakonagatik eta, batez ere, gizartearen oinarrizko instituziotzat jotako familia heteronormatibo nuklearra deseraikitzeko orduan erakusten duten zintzotasunaren gogortasunagatik. Ez dira itxaropenari buruz diharduten lanak; iraganarekin solasean den eta etorkizunari inolako keinurik egiten ez dion orainaldian finkatuta daude bi lanek aurkeztutako istorioak. Eta, hala ere, gizakien jardunaren gaineko irudi nahiko ezkorra emandako urtea amaitzear zela, itxaropentsu sentiarazi ninduten, hain zuzen ere adierazten dutenagatik (bestelako ikuspuntuak, bestelako kontakizunak) eta zabal ditzaketen bideengatik.

Jakina, haien aurretik izan dira beste lan batzuk. Euskal literaturan aipatzekoak dira Alaine Agirrek, Katixa Agirrek, Uxue Alberdik, Uxue Apaolazak, Karmele Jaiok, Miren Agur Meabek, Antxiñe Mendizabalek, Kattalin Minerrek eta Juanjo Olasagarrek idatzitako narratiba lanak. Eta gehiago etorriko dira.