Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

EH Baik hautagaiak aurkeztuko ditu Legebiltzarrerako bozetan

EH Bai bere markarekin aurkeztuko da ekainaren 12an eta 19an iraganen diren frantziar Legebiltzarrerako bozetara. Aldiz, Presidentetzarako bozetan ez du hautagairik babestuko. Aurten hamabost urte beteko dituen mugimenduak gogoeta prozesua abian jarri du.

Anita Lopepe eta Nikolas Blain Euskal Berria Baiko bozeramaileek Baionan eginiko agerraldian jakitera eman zutenez, «alternatiba abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologista» presente izango da heldu den ekaineko frantziar Legebiltzarrerako bozetan. Joan zen abenduaren 17an eginiko Biltzar Nagusian Euskal Herria Baiko militanteek emandako eztabaidaren berri eman zuten atzo Lopepek eta Blainek. Era berean, 2022an frantses Estatuan izango diren bi hauteskundeei buruz mugimendu abertzaleak finkaturiko posizioa zehaztu zuten.

Aurten hamabost urte beteko ditu EH Bai mugimenduak, eta, bere tradizioari jarraituz, frantses presidente berria hautatzeko heldu den apirilaren 10ean eta 24an deituriko bozetan ez duela parte hartuko iragarri zuten atzo. «Azken urteetan egin izan ohi dugunez, ez dugu inor sustengatzen eta ez dugu boz agindurik emanen», azaldu zuen Lopepek. Alta, 2007an EH Bai koalizio bezala eratu zenean frantziar parlamenturako bozetan aurkeztea izan zela lehen erronka oroitaraziz, ekainaren 12ko eta 19ko hitzorduetan laugarren, bosgarren eta seigarren barrutietan EH Baiko hautagaiak izango direla azaldu zuen.

Hauteskundeetan EH Baik segituko duen estrategia azaltzeaz gain, frantziar Estatuak «irabazita ziruditen» hainbat auzitan gibelera egin duelako kezka agertu zuten ordezkari abertzaleek. Besteak beste, euskal presoen auziari buruz edo gutxitutako hizkuntzei oinarrizko berme juridikoa emateko onartutako Molac Legearen gainean «Macronek agerturiko jokabide salagarria» arbuiatu zuten.

«Urteetan eginiko lanari esker mugimendu abertzaleak erreferentzialtasuna irabazi du alternatiba gisa, baina joera kezkagarri anitz dira panorama politiko eta sozialean eta horri erantzuteko aldaketa sakonak beharrezkoak dira», iradoki zuten. Egoera ikusita, EH Baik ondoko hilabeteetan barne gogoeta aitzineratuko duela iragarri zuten.