Amaia ZURUTUZA
ANGIOZAR

AHT-k Olaiturriko iturburua lehortu duela salatu dute

AHTren eraikuntzak txikizioa eragin du Euskal Herriko hamaika txokotan. Horien artean, Gipuzkoan 30 bat iturburu kaltetu dituzte. Angiozarreko Olaiturriko iturburua da lehortu denetako bat, Mila Elorza Angiozarreko auzo-alkateak salatu duen arabera.

Mila Elorza Angiozarreko auzo-alkateak Naiz Irratirako elkarrizketa batean baieztatu du Olaiturriko iturburua lehortuta dagoela. Bazuten susmoa AHTaren lanek kalteak eragingo zituztela, eta uste okerrenak bete dira, lanen lehen fasean, gainera.

Landa eremua da Angiozar. 300 biztanle inguru ditu eta baserri mordoa. Elorzak azaldu duenez, Goimendi auzokoak iturburuekin hornitzen dira. Momentuz iturburu bat lehortu da, baina gehiago hondatuko diren beldur da auzo-alkatea. Abiadura handiko trenaren eraikuntzan leherketak izugarriak direla adierazi du eta mugimenduek ur isuriak erraz aldarazten dituztela baieztatu du.

Bitartean, lanen arduradunek ez dute azalpen handirik eman, Elorzak salatu duenez. Lakuako gobernuak dio, kasu honetan, obrak Adif-en ardura direla. Eta Adif-ek, lanak bukatutakoan hitz egingo dutela. Angiozarren, ordea, badakite beste leku batzuetan zer gertatu den; Aramaion, esaterako. Lanak amaitu eta joan egin dira arduradunak, eragindako kalte asko bere horretan utziz.

Jakina da landa eremu askotan despopulatzea mehatxu larria dela. Elorzak ohartarazi du euren herrian egoera larria dela eta zerbitzuak behar dituztela. Bergararen parte da ofizialki Angiozar eta, auzo-alkatearen iritziz, egoera hau ez da lagungarria, besteak beste, landa inguruneei zuzenduriko laguntzak jasotzeko oztopoa delako. Egoera honetan, irtenbideak eskatu ditu, Angiozar bezalako landa eremuei soilik azpiegitura handiak eraikitzeko begiratzen dietela salatuz.

Paradoxa da, Angiozarren trenaren zain egon baitira urte luzez. Elorzak azaldu du, duela hainbat urte, trena bertara iritsiko zen esperantza zutela, zerbitzu gisa nahi zutela izan. Baina AHTari trena deitzen dioten arren, Angiozarrera garraiobide bat ez, «zarata eta suntsiketa» eraman dutela deitoratu du auzo-alkateak.

Hainbat kalte Gipuzkoan

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta, Lakuako Gobernuak Legebiltzarrari bidalitako txosten baten arabera, AHTren lanek 30 bat iturburu kaltetu dituzte Gipuzkoan.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak bidalitako informazioaren osagarri, Arantxa Tapia sailburuak jakinarazi du URA Uraren Euskal Agentziak 2010ean Bostiturrieta/Bostate iturburuetan Arrasateko udalerriko El Fraile (Pozo Sukia) eta Kobate iturrietan izandako kalteen berri duela, eta horietan aprobetxamenduen titulartasuna Udalarena zela, biztanleen hornidurarako.

Gaur egun, hornidura hori Urkuluko urtegitik egiten ari dira, eta obren arduradunek jakinarazi dute horiek lehengoratzen