Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Mutanteen aldaera berriekindar handia hartu berri dute

Azken asteotan, 9 urteko ZiHeng Qiu, Bayes Wilder (10) eta Geila Macia eta Roc Verges (13) protagonista izan dira.

Zoritxarrez, covid-19aren birusak dituen aldaera ofizialak ezagutzen ditugu. Zorionez, kirol eskaladan jarduten duten mutanteen “aldaera” berrien protagonistak ezagutzen ari gara. Munduko hainbat txokotatik, gainera, eskalatzaile horiek muturra oso indartsu sartzen ari dira. Azken asteotan batzuek erakutsi dute, adin oso txikia badute ere, ondo baino hobeto estutzen dutela. Nahiz eta batzuen bideoak ikusi ditugun, zaila da barneratzea zer-nolako gaitasuna duten. Pisuan oso arinak dira, bai, baina batzuen besoak ikusita, eskema guztiak hausten zaizkigu.

Aurkezpenei dagokienez, aktore berriak nortzuk diren aipatuko dugu. ZiHeng Qiu txinatarrak, adibidez, 9 urte ditu. Bayes Wilder estatubatuarrak, 10. Eta 13, aldiz, Geila Macia eta Roc Verge katalanek. Bada, guztiek ala guztiek, batez ere gazteenek, goi mailako igoerak egin dituzte. Kasu batean edo bestean, gainera, historikoak izan dira.

Kronika hau 9 urte dituen Qui txinatarrarekin hasiko dugu. Hilaren 7an, gai izan zen Txinan bertan dagoen “China climb” bidea (8b+) kateatzeko. Maila hori egiten munduko eskalatzaile gazteena da. Merezi du Youtube plataforman jarri dituen irudiak ikustea. Txikia da eta beso oso argalekin izen handia duen marra hori eskalatu zuen. Bide horrek 2006. urtean ekipatu eta lehen igoera izan zuen. 8c zailtasuna proposatu zen orduan, baina gaur egun plus bat gutxiago duela adostu da.

Aipatu dugu haur txinatar horrek historia egin duela, eta, oso gutxigatik bada ere, horrela da. Meini Li txinarrak bide bera kateatu zuen 10 urterekin. Modu batera edo bestera esanda, Qiuk apurtu egin du orain arte gai horretan Ashima Shiraishik eta Adam Ondrak zuten nagusitasuna. Azken hauek 8b+ maila 11 urterekin lehen aldiz sinatu zuten.

Bayes urtebete “zaharragoa” da, eta bere herrialdean, Ameriketako Estatu Batuetan, sona handia hartzen ari da. Duela hiru hilabete, “Southern Smoke” bidearen (8c+) bilerara erorikorik gabe heldu zen. Bazirudien Bayesek hurrengo helburua kirol eskaladan izango zuela, baina modalitatez aldatu eta azken bi asteotan apustu sendoa egin du boulderraren alde. Hala, ospe handia duen Hueco Tanks eremuan 10 urteko estatubatuar honek 8a+ zailtasuneko bi bloke poltsikoratu ditu: “Barefoot on Sacred Ground” eta “Rumble in the Jungle”.

Haur honek kirol eskaladan zein blokean izan duen ibilbideari dagokionez, aipatu behar dugu gurasoek (batez ere, haren aitak) sartu ziotela eskaladarako harra: «Bi urte zituela, semea etxeko paretetan zintzilik ikusten genuen. Aise mugitzen zen alde batetik bestera. Urteen poderioz, arrokan eskalatzen hasi zen, eta bere progresioa oso azkarra izan da. Uste dugu gure ingurumari honetan 8c+ egin duen eskalatzaile gazteena dela».

“Southern Smoke”-n arrakasta lortu eta gero, bidaia ixteko, haur honek soka alde batera utzi, koltxoneta hartu eta blokean aritu zen. Eta esan dugun bezala, 8a+ zailtasuneko bi korapilo askatu zituen: «Onartu behar dut semeari asko gustatzen zaiola blokea egitea. Harentzat oso dibertigarria da. Belaunak itsasten oso ona da, eta ‘Rumble in the Jungle’-k asko ditu. Bazirudien jolasten ari zela! ‘Barefoot on Sacred’-en ere bikain moldatu zen. Mugimendu erakargarriak eta dibertigarriak ditu; eta horiek guztiak aise gainditu zituen».

Bina 8c

Hurrengo bi protagonistak katalanak ditugu: Macia eta Verges. Biek ala biek 13 urte dituzte, eta biek ala biek 8c mailako marra bana sinatu dute. Maciari dagokionez, esan behar dugu kateatu berri duen bidea “La Fabelita” (Santa Linya, Lleida) dela. 25 metro luze den marra klasiko hori biribildu ahal izateko, bederatzi egun behar izan ditu. Nerabeak sare sozialetan aipatu du “La Fabelita”-n izan duen prozesua zaila izan dela: «Une txar batzuk izan ditut baina, zorionez, beste batzuk, oso onak. Lehen ekinaldiak egin nituenean neure buruari esan nion xede hori egitea ezinezkoa izango zela. Gainera, Santa Linyako eskalada eskola gogorra da. Baina burua indartu eta marra horrek eskatzen duen erresistentzian lan handia egin nuen. Entrenamenduei zein nire gurasoen laguntzari esker, 8c mailako nire lehen bidea igo dut».

Gazte honen gurasoek izen handia dute. David Macia eta Berta Martini buruz ari gara. Bada, bere amak onartu du alabaren iazko denboraldia oso ona izan zela: «Sadernesen 8b zailtasuneko bere hirugarren bidea egin zuen. Eta lehiaketetan ere, ingurumari honetan bederen, makina bat garaipen erdietsi ditu. Lehiak oso gustuko ditu, eta ‘La Fabelita’ kateatzeak asko motibatu du lehietara begira».

Vergesek, aldiz, Olianako “Fish Eye” bidean izan du saria. Berez, erronka hori ez zegoen bere lehentasunen artean: «Gabonetako oporretan nire asmoa Urgellen eskalatu eta eski pixka bat egitea zen. Baina bero egin zuenez, planak aldatu behar izan nituen. Denbora gehiago nuenez, bistan eskalatu ordez, marra gogorren bat probatzea otu zitzaidan. Berez, ‘Marroncita’ (8b) zen helburu nagusia, baina okupatuta zegoenez, ‘Fish Eye’-n amaitu nuen. Saio pare bat egin nituen, eta ohartu nintzen pauso zein mugimendu guztiak gainditzeko gai izango nintzela. Denera, bost egunetan hamabi ekinaldi egin nituen ‘Fish Eye’ kateatzeko».

Maciak bezala, Vergesek bihotza arrokaren eta lehien artean erdibitua du. Katalan honek baieztatu du bietan ala bietan lan gogorra egiten saiatuko dela: «Eskalada da gehien atsegin dudana. Berdin dit arroka edo lehia; batean edo bestean ederki pasatzea da momentuz nire helburu nagusia. Iazko lehia denboraldia biribila izan zen; 14 urtez azpiko kategorian hainbat garaipen eta podium lortu nituen. Batez ere, nire ingurumarian. Aurten, berriz, emaitza horiek hobetzen saiatuko naiz. Gainera, nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetan ikusi nahi dut neure burua. Oso motibatuta nago».