Fito Rodriguez
Idazlea
KOLABORAZIOA

Galarazitako aitortzak

Prepovedane parole” (Galarazitako hitzak) izan zen Zarko Petan esloveniar idazleak kaleratutako liburu ugarien artean lehenengotariko baten izenburua (1966). Kartzelaldi labur baten eraginez (urte eta erdikoa) idatzi zuen, baina esperientzia hori bizi gabe ezin esan, egun Petanen emaitza literario zabal bezain umoretsua ezagutzeko parada izango genukeenik. Maiz adierazi du satiraren maisuak espetxeak nola markatu zituen haren idaztankera eta gaiak, ikuspuntua eta jomugak... «Zorretan nago agintearekin nigan izan duen eraginagatik... jazarri eta bakartu izan ez banindute, sekula ez nukeen idatziko».

Ezin uka gutxitutako hizkuntzen literaturen artean zenbait esperientzia komunik badagoela. Honi buruz, esate baterako, Joxe Azurmendik dioenez, «kultur txikiak bai, baina ez inoren sukurtsalak, ezta koloniak ere, ez direlako, txikiak izaten jakin behar dute inoren menpe ez egoteko herriak independente izango badira».

“Linguae Vasconum Primitiae” (1545) idatzi zuen gure lehenengo poeta ezaguna, Bernat Etxepare, Biarnon eduki zuten giltzapean arazo politikoengatik; euskal letren pizkundea zaindu zuen Aitzol kartzelatik atera eta fusilatu zuten (hark su-izkillatu idatziko bazuen ere...); gauza bera gertatu zen Lauaxeta gure poeta sinbolistarekin, eta euskara literarioaren proposamen garaikidea egin zuen Koldo Mitxelenarekin, zeinak espetxe frankistetako egonaldiak ezagutu zituen eta filologia ikasteko profitatu zuen. Euskal eleberrigintza modernoaren aitzindariak (Txillardegi), kartzelatik pasa ondoren, erbestetik idatzi behar izan zuen, eta gure egungo idazle loratuenak (Joseba Sarrionandia) erbestetik bidali zituen bere testuak, Donostiako espetxetik San Fermin egun batean fikziozkoa zirudien ihesaldia burutu ondoren... eta ez da bakarra. Giltzapean egon ziren Xabier Amuriza, Mario Onaindia edo Mitxel Sarasketa; kartzela barruan egon dira Jokin Urain eta Mikel Ibarguren, Mikel Antza edota Mikel Etxaburu, bakar batzuk aipatzeagatik. Horren dira itsatsiak kartzelaren esperientzia eta euskal literatura, ezen «kaiola» entzutearekin batera euskaldun orori espetxea baitatorkio burura.

Diotenez, Henry Thoureauri, kartzelan zegoenean, lagun bat bisitan joan zitzaion eta galdetu zion: «Baina, zer egiten duzu hor barruan?». Thoureauk, berriz, honela ihardetsi zion besteari: «Eta zuk, zer egiten duzu hor kanpoan?»

Bere jarrera politikoengatik Txillardegiri aitortza instituzionala behin eta berriro ukatu dioten horiei galdetu beharko genieke: «Eta zuek zer egin duzue euskal kultura askatuaren alde?»