GARA
BAIONA

Alokairu turistikoen araudia onartu du Euskal Elkargoak

169 boz alde, 8 kontra eta 33 abstentzio. Gehiengo zabalarekin, Euskal Elkargoko hautetsiek alokairu turistikoen eragina konpentsatzeko araudi berria onartu zuten atzo. Egitasmoak Ipar Euskal Herriko 11.000 etxebizitzari eragingo die, eta ekainaren 1ean jarriko da indarrean 24 udalerritan. Etxebizitza urtean 120 egun baino gehiagotan alokatzen dutenei aplikatuko zaie, baita bigarren etxebizitza turistei epe laburretan alokatzen dietenei ere.

Gehiengo zabalarekin, atzo Baionako Lauga gelan egin zen bileran Euskal Elkargoko hautetsiek araudi berria onartu zuten, alokairu turistikoak kontrolpean mantendu ahal izateko.

Etxebizitzaren krisiak goia jo du Ipar Euskal Herrian; batez ere, bigarren etxebizitzek eta Airbnb bezalako plataformek eragiten duten alokairuen prezioen igoera dela medio. Horrek ezinegona sortu du, eta hori islatu zuen iazko azaroan Baionan egin zen manifestazioak.

Parisek, Bordelek eta Nizak, esaterako, jada hartu dituzte neurriak. Orain Euskal Elkargoak ere konpentsazio egitasmoaren aldeko araudia onartu du. Helburu argia du: alokairu turistikoen ugaritzea gelditu eta urte osoko alokairuak bultzatu. Ekainaren 1ean jarriko da indarrean 24 udalerritan.

Neurri berri honek 11.000 etxebizitzei eragin diezaieke. Etxebizitza urtean 120 egun baino gehiagotan alokatzen dutenei aplikatuko zaie, baita bigarren etxebizitza turistei epe laburretan alokatzen dietenei.

Philippe Aramendi (EH Bai) Urruñako alkateak bertan zeudenen sentimenduak laburbildu zituen: «Hautetsiak izanik, behar orokorraren izenean jokatu behar dugu, ez pribatuen alde».

Espero zen bezala, Kotte Ecenarrok, Hendaiako alkateak, ez zuen bozketan parte hartu. Hain zuzen, duela egun batzuk interpelazioa egin zion Euskal Elkargoko lehendakariari, Jean-Rene Etchegarayri, bozketa atzeratu zezala eskatuz, araudi berria, haien irudiz, «desegokia» zela esanez.

Neurri honen helburuarekin bat omen dator; ez, ordea, ematen zaion erantzunarekin, beldur baita jabeek «prezio espekulatiboetan salduko dituztela beren etxebizitzak, eta horrek Ipar Euskal Herriko krisia areagotu egingo du».

Biarritzeko hautetsi guztiek aldeko botoa eman zuten. «Jakina, ez da panazea bat, baina urrats txiki bat da», esan zuen Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak.

Alda mugimendua, araudi berri honen aldeko sustapen-lan garrantzitsua egin duena, pozarren azaldu zen emaitzarekin: «Aurrerapen handia da, etxebizitzen krisian eragin zuzena izango duena».