Xole ARAMENDI ALKORTA
BILBO

«Ur bizitan», ekonomia jasangarriaren alegoria Haatik konpainiaren eskutik

Urumea ertzean baserriaz desjabetutako familia baten oroitzapenei tiraka hasi eta «Ur bizitan» ikuskizuna sortu du Haatik konpainiak. Gidoia Koldo Izagirrek sinatu du eta musika, berriz, Pascal Gaignek. Ur berritan igerian dabiltza dantzariak, dantza eta hitza uztartuz, Olatz Beobideren gidaritzapean. Aiert Beobide du zuzendari ekoizpenak, konpainiaren hamargarren urteurrena ospatuz mimo bereziz zaindu dutena.

“Dantzaren bidez egungo kulturan eta gizartean hausnartzen”; horixe du lelo Haatik dantza garaikideko konpainiak eta ekoizpen berria horren adibide da.

«Etxealdian hasi zen sorkuntza, kanpoan natura indar biziz ikusi genuen udaberri hartan. Koinataren familia baserriaz (Antxume) desjabetu zuten Martutenen Urumeako autobidea egiteko eta haiekin gogoratu ginen, Astigarragako pisuan nola egongo ote ziren», kontatu du konpainiako zuzendari Aiert Beobidek (Donostia 1978).

«Egunkarietan albiste garrantzitsuagoak etortzen dira, baina natura eta garapenaren gaia ere hor dago eta, ez badugu benetan esku hartzen, hori ere eskutik joango zaigu, ez bazaigu dagoeneko joan», adierazi du.

Baina nola eraman gaia dantzara? «Errelato bat idatziko zuen norbaiten bila ari ginenean Koldo Izagirre prest agertu zen. Bera ere sentsibilizatuta dago hirigintzan egiten diren politikekin. Kopla modukoak idatzi zituen. Benetan, sekulako harribitxia! Oso pozik, berak egindako lanarekin», kontatu du.

Orain arteko ibilbidean jorratutako bidean pauso bat harago joan dira. Gorputza bakarrik ez, ahotsa ere jarri dute dantzan. «Erronka bota zigun Koldo Izagirrek, ea zergatik ez genuen berak idatzitako testua emanaldian txertatzen. Ez off-eko ahotsean, ea dantzariak ausartzen ziren koplak irakurtzera», kontatu du.

Olatz Beobide arrebaren atea jo zuen gero. «Urtebete pasa du dantzariekin lanean, nola egin daitekeen probatzen. Gorputzarekin interpretatzera ohituta daude, baina ez ahotsa jartzera. Olatzek berak dioen bezala, ‘su txikian’ landutako proiektua da. Lortu du eta oso modu ederrean egiten dute dantzariek. Asko eskertu diogu Koldori bihozkada sortu izana. Eta obra ikusi dutenek adierazi digute poesia gisako piezek asko laguntzen dutela bidaia egiten», adierazi du.

Ekoizpen berezia da, ospakizuna. «Aprobetxatu nahi genuen konpainiaren hamargarren urteurrena mimoz egindako ikuskizuna sortzeko. Pascal Gaigneri proposatu genion musika berak sor zezala eta berak egin du konposizioa eta zuzendaritza musikala. Beste opari bat da. Ze gaitasuna duen, guztiok txunditu gaitu!»

Behin musika eginda zegoenean koreografiarekin hasi ziren. Bost dantzari izango dira agertokian. «Ohiko dantzariak ditugu; askok 6-8 urte daramatzate gurekin. Nire bigarren familia dira eta honakoak dira: Amaiur Luluaga anoetarra, Irati Sorondo tolosarra, Iñigo Etxeberria ibartarra, Libe Sukia zaldibiarra eta Jon Arsuaga billabonatarra.

Zuzeneko musika du obrak eta hiru musikari arituko dira agertokian: Iñaki Dieguez akordeoian, Javier Perez de Azpeitia pianoan eta Manu Gaigne –Pascalen semea– perkusio-jotzaile.

Jantziak Ramon Garciak diseinatu ditu. «Gure betiko laguna da, izugarrizko sortzaile eta jantzigilea. Estetikaz eta eszenografiaz ere bera arduratu da Iurrerekin batera. Zuzeneko arteetan istorio bat kontatu nahi duzunean atmosfera sortu behar duzu. Musikak eta mugimenduak garrantzi handia du, baina baita koloreak ere. Gure sorkuntzaren zutabeetako bat da. Eta lana ikusi dutenek esan digute asmatu dugula».

Bi formatu

Bi bertsio ditu obrak. Batetik, “Ur bizitan”, aretorako prestatua. Ordubeteko iraupena du eta zuzeneko musika du. Bihar Hondarribiko Itsas Etxean (19.00) eta etzi Astigarragako Erribera kulturgunean (18.30) emango dute lana. Astigarragan sortze prozesuaren dokumentala ere eskainiko da. Protagonistak, baserriko irudiak, eta sortzaileen –Izagirre eta Gaigne–adierazpenak agertzen dira. Aranburu da 15 minutuko ikus-entzunezkoaren egilea.

Bestetik, “Ur” izenekoa, kalean edo ezohiko espazioetan eskaintzeko asmoz sortua. Hogei bat minutu irauten du eta musika ez da zuzenekoa. Guggenheim museoko atrioak hartuko du emanaldia bihar eguerdian, Loraldia jaialdian.

«Gure aurreko lanak ikusi dituztenek badakite erronkaz erronka ikuskizun bakoitzean handituz doazela eta oraingoan ere erronka handiak jarri dizkiegu aurrean. Lan handia, exijentzia handia eskatu die obra honek eta nabaritzen da nola egin dioten aurre eta nola doazen handitzen eta esperientzia hartzen; oso lan polita egiten ari dira». Formatu handiko lana aurrera ateratzea «ez da erraza izan ez ekoizpen aldetik, ez sorkuntza aldetik», Beobideren esanetan. «Horrek erakusten du konpainiaren sendotasuna eta gaitasuna. Atzera begiratzean konturatzen gara zenbat proiektu egin ditugun hamar urteotan», esan du.

Konpainiak dantzari talde iraunkorra du. Badu alde txarra, baina baita alde ona ere, bere esanetan. «Oso garbi dugu. Badakigu ze norabide nahi dugun eraman, formakuntzak egiten ditugu konpainian… egitura aldetik Iurre Aranburu eta biok ari gara ekoizpen eta komunikazio alorrean lanean, egunerokotasunean, eta nabaritzen da, espero ez genituen deiak jasotzen ditugu», amaitu du.