Jon GARMENDIA
Idazlea

Periferiak

Sustrai Colinak kantatu zuen 2017an urteak pasa arau are ederragoa egiten ari zaidan agur bertso hau: «Gora ta gora Maialen, bide bat errebeldian! Zahar-etxeko langile, ikasle euskaltegian. Altsasun senide edo txiolari presondegian. Ez zaretenak kabitzen etiketen tragedian. Ni Urruñan sortu nintzen, Larhungo itsas hegian. Orain Iruñean bizi naiz, oin bat Ezkaba mendian. Euskal Herria gelditu ez dadin euskal erdian bila ditzagun arnas ta ardatzak periferian».

Gutxitan erreparatzen zaien bazterrez ari zen eta hau argudiatu zuen: «Periferietan zentroetan posible ez diren gauzak posible dira. Ez dakit den jendeak elkarrekin duen igurtziagatik, edo zentroan akomodatzen direlako». Odei Barroso heldu zait orain, bertsoaren ertzak utzita bere “Terapia” disko puskarekin, trap drill erritmika bereziarekin, non “Periferiak” entzun eta leitzeak gogo-bihotzak bere-berean lotzen dizkidan: Erdigunean begiak, bazterrak eta hegiak; ttikiak, ttikiegiak, mintza daitezela. Zergatik ditugu erdigunean begiak. Ahazten ditugu bazterrak eta hegiak. Zer ote gira gu ttikiak ttikiegiak. Ez denez berandu, mintza daitezela periferiak. Heda ditzagun mezuak ta kantak, errealitate ezberdinen mapak, ez nau kezkatzen iritzien talkak, ni kezkatzen nau ezagutza faltak. Ireki begiak aldatu ditzagun ikuspegiak, hitz berriak behar ditu hiztegiak, mintza daitezela periferiak». Eta hortxe gonbidapena, zentroan posible ez direnak periferia horretan aurkitzeko.