GARA
EIBAR
EGIARI ZOR-EN EKITALDIA

Josu Retolazarentzat eta bera bezala hildakoentzat aitortza eskatu dute

Espetxean garatutako minbiziaren ondorioz hil zen Josu Retolaza eibartarra duela 35 urte. Bera bezala joan dira beste euskal preso batzuk; ofizialki ez dituzte biktima gisa hartzen baina bistan da «ekidin zitezkeen» heriotzak izan direla. Zerrenda luzea da, eta gaurdaino heltzen da, gainera. Horretaz ohartarazi zuen atzo Egiari Zor fundazioak.

«Ekidin zitekeen». Hori izan zen Egiari Zorrek Eibarren nabarmendu zuen mezua. Josu Retolaza izan zuen gogoan, 1987ko maiatzean Herrera de la Manchako espetxetik atera eta denbora gutxira minbiziaren ondorioz hildakoa, 33 urte baino ez zituela. Baina beste asko ere bai, zerrenda luzea baita, eta gaurdaino heltzen da gainera.

Jaiotzez elgetarra zen Retolaza baina Eibarren bizi izan zen, eta bertako Txaltxa plazan izan zen ekitaldia. Eritasuna urtebete lehenago diagnostikatu zioten, baina jada bederatzi hilabete lehenagotik zituen zantzuak, “Egin”-en azaldu zuenez. Bien bitartean, behin gorputzean zuen zauria kolpatzeari ekin zioten espetxe funtzionarioek, zigor gisa.

Diagnostikoa izan ostean ere ez zuen tratamendu egokirik jaso; are gehiago, erietxeetarako joan-etorrietan eragindako sufrikarioak bere egoera okertu zuen. Ez da orduko arazoa bakarrik; duela 16 hilabete eskas kimioterapia tratamenduari uko egin zion Antton Troitiño presoak, ezartzen zizkioten baldintzak ikusita. Pasa den abenduan hil zen azkenik, kalera atera eta hamar hilabetera.

Oso berandu

Retolazaren kaleratzea oso berandu gertatu zen, gaixotasuna erabat aurreratua zegoela. Ohean eman zuen denbora gehiena [Euskal Memoriaren irudia lekuko], eta Eibartik Debara lekualdatu zen, bere herriko kutsaduraren eragin erantsiari iskin egiteko. 1987ko maiatzaren 19an zendu zen azkenik.

Oroimena Ibon Muñoaren olerki batekin osatu zuten, musikaz lagunduta. Senideentzako aurresku bat dantzatu zuten eta zenbait bertso ere eskaini zizkioten duela 35 urte hildako preso ohiari. Eta Retolazaren ibilbidea errepasatu zuten; izan ere, 1980. urtean gertatutako atxiloketaren ondorioz jada erietxera eraman behar izan zuten.

Ibon Garatek, Egiari Zorreko kide eta espetxera bidean hil zen Ruben Garateren anaiak, hala azaldu zuen: «Beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak, zuzenekoak eta zeharkakoak, aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argitara ateratzea. Baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak. Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea izan behar da abiapuntua, inolako baldintzarik gabe».

«Memoria iraganari dagokion kontua da, gertatu zenari lotutakoa –erantsi zuen Garatek–. Baina gaur orainera jo behar dugu: oraindik ere biziak lapurtzen jarraitzen duen espetxe errealitate bat bizirik dagoelako».

Ekitaldiaren aurkezpenean oroitarazi zutenez, «salbuespenezko espetxe sistemak eragindako heriotzei dagokienez, azken sei hamarkadetan 38 euskal preso politikok eta 16 senide eta lagunek galdu dute bizitza».