GARA
TRIATLOIA

Galdutako denbora berreskuratzeko itzuliko da Onditz Oroituz

Onditz Oroituz proba aurkeztu zuten atzo.
Onditz Oroituz proba aurkeztu zuten atzo. (Gorka RUBIO FOKU)

«Azken bi urte hauetan eustea ez da batere erraza izan», Martin Ibabe Donostiako kirol zinegotziaren esanetan baina, Atletico San Sebastianekin elkarlanean, pandemiak kendutako denbora berreskuratzeko asmoz itzuliko da igande honetan Onditzen omenez jokatuko den triatloia.

Osasun egoera hobetuta, azken bi urteetan egiterik izan ez den probak ohiko ibilbidea izango du igande honetan, goizeko 9.15etik aurrera. Neskak izango dira irteten lehenak eta mutilek ordu laurden geroago ekingo diote, Atletico San Sebastianen egoitza paretik, igeriketa probari. Jarraian 38,5 kilometro egin beharko dituzte bizikletaz eta, proba amaitzeko, beste hamar kilometro korrika.

Parte hartzaileei dagokienez, badirudi emakumezkoen garaipena bi atleta euskaldun eta beste bi australiarren artean egon daitekeela. Etxekoen artean Zarautzen irabazi zuen Helene Alberdi bilbotarra eta 2019an hirugarren egin zuen etxeko Maddi Marquet izango dira hautagaiak, eta kirol honetako potentzia diren australiarren artean Jessica Edward eta Mikalya Messer dira kontuan hartu beharreko izenak.

Gizonezkoen artean aukerak askoz zabalagoak direla dirudi. Etxekoen artean Gonzalo Fuentes donostiarra eta Haritz Garate dira aurrean ibiltzeko hautagaiak. Kevin Viñuela espainiarrak, Kurt McDonald australiarrak eta Austin Carter Zeelanda Berrikoak ere aurrean ibili beharko lukete, baina denen gainetik Donostiako triatloi hau lau aldiz irabazi duen Cesc Godoyren izena nabarmentzen da.

EMAKUMEEN KIROLA BULTZATU.

Horren lehiakorra izan gabe, triatloi asteburua biribiltzeko, larunbatean Emakumezkoen Triatloia jokatuko da, emakumeen kirola bultzatzeko antolatutako proba. Proba emakume guztiei irekia dago eta egin beharreko lana ere askoz errazagoa izango da. Hasteko, 300 metro egin beharko dituzte igerian Kontxako erlojuen paretik irtenda; gero Igararaino joan eta etorriz 10 kilometro egin beharko dituzte bizikletaz; eta, amaitzeko, bi kilometro korrika.