GARA
DONOSTIA

Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditu Jazzaldiak

Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditu aurten Donostiako Jazzaldiak, jazzean egin duten ibilbide oparo eta luzeagatik. Jazzaldia uztailaren 20tik 25era egingo da eta 84 kontzertu eskainiko ditu hiriko hamalau agertokitan.

Amina Claudine Myers Donostian izango da.
Amina Claudine Myers Donostian izango da. (JAZZALDIA)

Atzo egindako Jazzaldiaren aurkezpen ofizialean Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatkeri emango zaizkien sariak iragarri zituzten.

Amina Claudine Myers pianista, organista, bokalista, konpositore, aktore eta hezitzaile estatubatuarrak hamarkadak daramatza musikaren arloan lanean. Aminak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, ezin konta ahala kolaborazio egin ditu, antzerkiko obretarako konposatu du, koruak eta orkestrak zuzendu ditu, irakaskuntzan jardun du… Bere ibilbide luzean artista anitzekin aritu izan da lanean, tartean Archie Shepp, Charlie Haden’s Liberation Orchestra, James Blood Ulmer, Lester Bowie, Bob Stewart, Gene Ammons, Sonny Stitt, Von Freeman, Henry Threadgill, Frank Lowe, Rahsaan Roland Kirk…

Mulatu Astatke 1943an jaio zen Etiopiako mendebaldean. Lehen ikasle afrikarra izan zen Berkleen. Ameriketako Estatu Batuetan ikasi eta entzundako guztiarekin, 1969an bueltatu zen Adis Abebara asmo zehatz batekin: jazza, musika latinoa eta musika etiopiar tradizionala uztartuta estilo berri bat sortzea, hau da, ethio-jazza. Bere ibilbidean konpositore, moldatzaile, bibrafonista, perkusionista, irakasle, zuzendari… izan da. Etiopiako “70eko urrezko urteen” ondoren, 1998az geroztik ezagutarazi zen berriro Astatkeren musika “Ethiopiques” disko sailaren hasierarekin eta gerora, 2005ean, sail horretako bere abestietako zazpik Jim Jarmuschen “Broken Flowers” filmean izan zuten agerraldiari esker.

Jazzaldia uztailaren 20tik 25era izango da eta 84 kontzertu eskainiko ditu hiriko hamalau agertokitan. Aurtengo programazioan izen handiak daude, Herbie Hancock, Iggy Pop, Diana Krall, Simple Minds, Gregory Porter, León Benavente, Hiromi, Steve Coleman, Amina Claudine Myers, Mulatu Astatke, Benny Green eta Bruce Barth, besteak beste. Baita nabarmentzen ari diren artista ugari ere: Ben Lamar Gay, Louis Cole, Miho Hazama, Curtis Harding, Craig Taborn, Sofiane Pamart, Marco Mezquida, Christone Kingfish Ingram, Lakecia Benjamin, Lucia Fumero, Carlos Sarduy, Chico Perez, Atrisma eta Oreka TX, beste askoren artean.

Gainera, Txikijazzek -hamargarren urteurrenean- bederatzi kontzertu programatuko ditu lau agertokitan. Eta, Jazzaldiarekin batera, Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloa hazi egingo da bai proiekzio kopuruan bai egoitza kopuruan.