GARA
ERROMA

Draghik Italiako Parlamentuaren babesa lortu du, M5S mugimendua zatitu bada ere

Italiar diputatuek babesa eman zioten atzo Mario Draghi lehen ministroaren Ukrainarako politikari, bere koalizioko talde nagusian, 5 Izar Mugimenduan (M5S), zatiketa gertatu berritan. Draghik jarrera gogorrari eutsi dio Ukrainari armak bidaliz eta Europak Errusiari zigorrak ezartzearen alde, gas errusiarraren mendeko izan arren.

Gatazka horren inguruan M5Sn zeuden tentsioak areagotu eta Luigi Di Magio Atzerri ministroak mugimendua utzi zuen, beste 60 parlamentarirekin batera. M5Sri «anbiguotasuna» leporatzen diote.

Banaketa horretatik Insieme per il Futuro (Elkarrekin Etorkizunaren alde) talde disidentea sortu da, eta Draghiren gobernua sustatzen duen koalizioaren oreka ahula astindu du, hauteskundeak izateko urtebete falta denean. Hala ere, diputatuak -asteartean Senatuan gertatu zen bezala- Draghiren alde agertu ziren, 410 aldeko boto eta 29 kontrako botorekin. «Batasuna funtsezkoa da une honetan hartu beharreko erabakiak oso zailak direlako», esan zuen gobernuburuak bozketaren aurretik. Europar Batasunaren politikekin (Errusiari jarritako zigorrak eta Ukrainari armak bidaltzea) bat ez egitea amore ematea da, Draghiren ustez.

Di Maioren eta Giuseppe Conte M5Sko lehen ministroaren arteko desadostasunek hilabeteetan tentsioa handitu dute. Conte Ukrainako gatazkan bide diplomatikoaren aldekoa da eta armamentu lehiaren aurka ohartarazi du.

M5S, ohiko politikaren aurka sortu zen mugimendua, lau urte boterean egon ondoren, desegin egin da, onarpena galdu du eta inoiz baino ahulago dago hauteskundeei begira.