Susana ANDINO eta Almudena LLORET
Galtzagorri San Frantziskoko Emakumeen Taldearen izenean
KOLABORAZIOA

Feminismoa zigorpean: Bilboko Udalaren apustua

Lerroon bidez, 2020ko Martxoaren 8an Bilboko San Frantzisko auzoan gertatutakoaren berri eman nahi diegu euskal herritarrei. Aspaldidanik, Bilboko emakumeok auzoetatik abiatzen diren zutabeetan antolatzen gara Kale Nagusian bat egiteko eta, egun berezi horretan, urteko egun guztietan emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko indarrez betetzen gaituen aldarrikapen eta jai kutsuko manifestazio jendetsu bati hasiera ematen diogu.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako emakumeentzako topagunea San Frantzisko plaza da, Martxoaren 8an auzoko emakumez gainezka zegoena, horietako asko ileorde more, konfeti, pankarta, kartoi mehe, aldarrikapen mezuak airera botatzeko purpurina eta guzti. Giro horretan, purpurina moreak Ertzaintzaren auto bat apur bat zikindu zuen eta, horren ondorioz, bizilagun batzuk identifikatu gintuzten. Ekintza hori guztiz neurrigabea iruditu zitzaigun, baina pentsatu genuen ez zela momentuko deserosotasunetik harago iritsiko. Hala ere, joan den astean, identifikatutako kide bati kontu korrontea bahitu zioten, 700 eurotik gorako isuna ez ordaintzeagatik.

Jakina da gure auzoetan batez besteko errenta pertsonala eta bizi-itxaropena Bilboko txikienetakoa dela, eta langabezia- eta pobrezia-tasa, berriz, altuenetakoa. Baldintza sozioekonomiko kaltegarri horiekin batera, duela urte batzuetatik hona gentrifikazio- eta turistifikazio-prozesu kezkagarri bat jasaten ari gara, alokairuak garestitzen eta funts putreen jarduerak bultzatzen ari baita, beste ondorio larri batzuen artean. Pandemiak, gainera, nabarmen handitu du poliziaren presentzia; polizia hori ez da oinez ibiltzen, autoz baizik.

Martxoaren 8a egun berezia da feministentzat, eta horrela izan beharko litzateke beren diskurtsoetan genero-berdintasuna eta indarkeria matxisten aurkako borroka txertatu duten euskal erakundeentzat, batez ere Beijingek duela 25 urte egindako adierazpenetik eta ekintza-plataformatik abiatuta. Erakunde horien funtsezko zati bat euskal polizia da, auzoetako bizilagunen zerbitzura egon beharko lukeena, hurbilekoa izan beharko lukeena (ezinezkoa da autoz joanda) eta giza eskubideak betetzen direla zaindu beharko lukeena. Patruila-auto bat apur bat zikintzeagatik martxoaren 8an militante feminista bati isun bat jartzea bat dator printzipio horiekin? Ziur gaude ezetz, eta horregatik publikoki salatzen dugu. Nahikoa da, adierazpen feministen aurkako jazarpenik eta zigorrik ez!