Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Frankismoaren inpunitatea salatu dute memorialistek Europan

Ceaqua plataforma osatzen duten memoria-elkarteak, horien artean Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan, Europar Parlamentuan izan ziren atzo, frankismoan eta trantsizio deritzonaren hasierako urteetan izandako giza eskubideen urraketen berri emateko.

Memorialistak eta europarlamentariak, atzo, Bruselan.
Memorialistak eta europarlamentariak, atzo, Bruselan. (CEAQUA)

Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan-ekin bat, frankismoaren biktimak biltzen dituen Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak «Europako demokraten babesa» eskatu zuen atzo Bruselan, halako kasuak Estatu espainolean epaitu ahal izateko.

Rodolfo Martin Villaren krimenak, “Billy el Niño”-renak, 78ko sanferminetako German Rodriguezen hilketa, Martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia, frankismo garaian Valentzian egindako gizateriaren aurkako krimenak, Asturiasen jazotako bortxazko desagertzeak, haur lapurtuak eta Madrilgo «aste beltza» dira, besteak beste, Europar Parlamentuan argitara atera ziren justiziarik gabeko kasuetako batzuk.

Prentsaurrekoan, Jacinto Lara Ceaqua-ko abokatuak Estatu espainolean kasu horien eta beste batzuen inguruan dagoen «inpunitatearen eredua» salatu zuen; izan ere, bere ustez, Estatuak «uko egiten dio krimen frankistak epaitu eta ikertzeari» eta ustezko egileak auzipetzeari.

Europako bideak

Lararekin batera, Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeko beste hiru kide joan ziren Europar Parlamentura, tartean Sabino Cuadra, memoria historikoari buruzko lantaldeak gonbidatuta. Lantalde hori, besteak beste, Miguel Urban (Antikapitalistak) eta Pernardo Barrena (EH Bildu) eurodiputatuek osatzen dute.

Europar Batasunak frankismoko krimenen ikerketan parte har dezala eskatu zuten, Zipren egin den bezala. Europatik gai honi heltzeko aukerari buruz galdetuta, Barrenak GARAri adierazi zion «borondate politikoa» baino ez dela behar. Europarlamentariak gogoratu zuen duela hilabete batzuk Justizia komisarioari frankismoaren biktimen inguruan galdetu ziotela. «Berak erantzun zuen frankismoaren biktimak babesgabetasun legalean daudela. Beraz, bada garaia ekintzak martxan jartzeko», gehitu zuen.

Azaldu zuenez, Europar Parlamentuak bertako Itunaren 7. artikulua aktibatzea erabaki zuen, EBren oinarrizko printzipioak urratzen ari zirelako. «Hungaria eta Poloniari begira hartu zen erabaki hori, eta, agian horretara iritsi gabe, har daitezke beste neurri batzuk Europatik Estatu espainolak urratsak egiteko».

Prentsaurrekoan, Miguel Urbanek jarrera aktiboagoa eskatu zion Europar Batzordeari. «Batzordeak Espainiari eman liezaiokeen ohartarazpenak frankismoko krimenak epaitu ahal izateko erreforma ekar dezake», adierazi zuen.