GARA
BILBO

Itxaronaldi luzeak eragin ditu Bilboko Metroko geldialdiak

Semaf makinisten sindikatuak Bilboko Metroan egindako lehenengo geldialdi partzialaren ondorioz, trenen arteko itxaronaldia luzatu egin zen atzo eta bagoiek ohi baino beteago egin zituzten bidaiak. Gidarien erantzukizunekin «arinkeriaz» jokatzea salatu dute makinistek.

Greba ez, baina elkarretaratzea egin zuten ELA, UGT eta CIMk.
Greba ez, baina elkarretaratzea egin zuten ELA, UGT eta CIMk. (ELA)

Bilboko Metroaren lehen geldialdi partziala egin zuten atzo langileek, Semaf makinisten sindikatuak deituta, 07.00etatik 09.00etara eta 19.00etatik 21.00etara. Lanuztearen ondorioz, bagoiek ohi baino jende gehiagorekin egin zituzten bidaiak, eta trenen arteko itxaron denborak ohi baino luzeagoak izan ziren. Geldialdi horien aurrean, Lakuako Gobernuak gutxieneko %30eko zerbitzua aplikatu zuen.

Lanuzteen ondorioz, 15-20 minutuko maiztasunarekin funtzionatu zuten trenek. Lan egunetako puntako orduetan, normalean, bost minutuan behin egiten dituzte bidaiak, eta, ondorioz, erabiltzaileak nasetan pilatu ziren atzo eta jada beteta heltzen ziren trenetan sartu ahal izateko lanak izan zituzten.

«Low cost» eredua.

Semaf makinisten sindikatuak atzo kritikatu zuenez, Bilboko Metroak «low cost eredua» ezarria nahi du. Trenen gidarien erantzukizunekin «arinkeriaz» jokatzea ere leporatu zion zuzendaritzari Semafek, enpresako goi karguek makinistez besteko kategoria profesional batzuetako langileek trenak gidatzeko aukera proposatu baitute, sindikatuak gogor gaitzetsi duena.

Bestalde, Bilboko Metroan ordezkaritzan duten beste hiru sindikatuek, atzo grebarik deitu ez zuten ELAk, UGTk eta CIMk, elkarretaratzea egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Bilboko Metroko murrizketak salatzeko.