Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Amaitu da pentsiodunen bizikleta martxa, herriz herri eskaerak entzunarazi ostean

Hamahiru etapa eta 700 kilometroren ostean, Donostian amaitu zuten atzo pentsiodunek bizikleta martxa. Bidean erakutsi duten «duintasunari» egin zioten gorazarre, bai eta azken lau urte eta erdiko borroka nekaezinari ere: «Ospatu nahi dugu ezer ez litzatekeela berdina izango gu gabe».

700 kilometroren ostean, atzo Donostian amaitu zen pentsiodunen bizikleta martxa.
700 kilometroren ostean, atzo Donostian amaitu zen pentsiodunen bizikleta martxa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroan suteak piztu ziren egun beroetan bizikleta gainean ziren eta zirak jantzita erdu ziren atzo Donostiara. Alderdi Ederren hasi zuen hilaren 13an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa eta toki berean amaitu zuten, blai -izerdiz eta euriz-, Euskal Herriari hamahiru etapatan eta 700 kilometroan itzulia eman ostean.

Irundik abiatu zuten bizikleta martxaren azkenengo etapa 08.30ean, eta 11.30 aldera iritsi zen tropela helmugara. Han, txaloz eta oihuz hartu zituzten toki ezberdinetatik etorritako kide pentsiodunek eta manifestazio jendetsu batekin oroitarazi zituzten Gipuzkoako hiriburuan haien hiru eskakizun nagusiak: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea, zerbitzu publikoak indartzea eta babestea eta zaintza lanak partekatzea, ez daitezen soilik andreen erantzukizuna izan.

Aterkien azpian -babesgabe, euriak alboz ere bustitzen baitzuen- eta dozena bat pankartaren artean egin zuten manifestazioa, batukadako taldearen doinuak lagun eta “pentsiodunak aurrera!” oihu indartzailearekin.

Duintasuna dohain.

Eskerrak banatu zituzten, sindikatuei -manifestazioaren amaieran joan ziren sindikatuetako ordezkariak, banderolak erakutsiz-, mobilizazioetan parte hartu duten pertsona guztiei, haien aldarrikapenekin bat egiten duten eragileei, «isilik» lan egin duten horiei. Bizikleta martxaren bidez, frogatu dute, haien ustez, pentsiodunena «gizarte-mugimendu zabal, plural eta bateratua» dela.

Badira lortzeke dauden ituak -aipatutako hiru nagusiak, kasu-, baina mobilizazio hau bazen orain lau urte eta erdi borroka hasi zutenetik pentsiodunek egindako lana ospatzeko ere. «Gure borrokak merezi du», baietsi zuten Alderdi Ederren manifestazioa bukatu zenean. «Ospatu nahi dugu ezer ez litzatekeela berdina izango gu gabe. Lau urte baino gehiago kalean eman ondoren, aitortu behar dugu gure borrokak merezi duela eta Pentsioen Sistema Publikoaren aurkako erasoen kontrako horma bat garela», esan zuten, euria zakarren ari zuenean.

Horrela, duela lau urtetik hona egindako borroka eskergarekin nahiz bizikleta martxarekin erakutsi duten «duintasuna» nabarmendu zuten pentsiodunek. «Gaur, pentsiodunen duintasuna maillot horiz jantzita etorri da. Pentsiodunen eskutik, duintasun hau hamahiru egunetan eta 100 herrietatik pasatu da», ospatu zuten.

Egiten duten borrokaren bitartez espero dute haien belaunaldiak eta ondorengoek «pentsio duinak jasoko dituztela» eta, hala, datozenei, «gizarte bidezkoago, solidarioago eta askeago bat» utzi nahi diotela ziurtatu zuten.

Lau urte eta erdiren ostean, halaber, lanean segitzeko asmoa berretsi zuten Donostian eta «arrakasta» izan duen bizikleta martxak horretarako indarra emango diela ohartarazi dute. «Mobilizazioa da gure bermea», agertu dute bozeramaileek.

Ez ziren ahaztu, hala eta guztiz ere, pentsio sistema publikoaren garapenean ardura duten horiekin eta, horrela, mezu zuzena bidali zieten Lakuako zein Nafarroako gobernuei: «Gaur eta hemen Euskal Herriko pentsiodunen lehenengo martxaren helburuak berresten ditugu. EAEko eta Nafarroako erakundeei exijitzen diegu behar dutena egin dezatela pentsio publikoak, duinak eta behar bestekoak emateko; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publiko eta unibertsalak bermatzeko eta arreta nahiz zaintza lanak partekatzeko».

Hitzaldia amaitzean, Alderdi Ederren elkartu zen jende andanak aise egin zuen ihes euripetik, berriz ere, datorren astelehenean, herriz herri egingo dituzten mobilizazioetan elkar ikusteko.