M. TXINTXURRETA
OLATZAGUTIA
ERNAIREN III. KONGRESUA

Naziogintzan ardaztutako «gazte fronte» bat eratuko du Ernaik

Etorkizunera begira dago Ernai gazte antolakundea eta datorren ziklorako erronka zein asmo politiko nagusiak finkatuko dituen «Ehotzen» ponentzia onartu du, boto-emaileen %93ren babesarekin, antolakundearen III. Kongresuaren amaieran. 500 pertsona inguru elkartu ziren atzo Olatzagutiko kiroldegian egin zuten ekitaldian.

500 lagun inguru elkartu ziren Olatzagutiko pilotalekuan.
500 lagun inguru elkartu ziren Olatzagutiko pilotalekuan. (Endika PORTILLO FOKU)

Olatzagutian 500 pertsonak parte hartu zuten ekitaldi batekin amaitu zuen atzo Ernaik bere III. Kongresua. “Ehotzen” ponentzia onartu zuten bertan; besteak beste, naziogintza indartuta euskal gazteriaren gehiengoa independentziarekin bat egitera eramatea helburu duena eta antolakundearen baitan feminismoa modu egituratuan landu eta aplikatuko duena.

Orain bi urte murgildu ziren prozesuan, baina pandemiak geldiarazi zuen. Kurtso amaierako Batzar Nazionalarekin batera, ordea, atzera Kongresuari heltzea erabaki zuten militanteek, eta prozesu luze bati ekin zioten: lehen fasean ponentziaren edukia eztabaidatu zuten, barne-tailerrak egin zituzten gero hamar gairen inguruan -ekologismoa, hiriburuak, naziogintza, transmaribibollo borroka, sozialismoa, internazionalismoa, komunikazioa, unibertsitateak, gazte borrokaren ezaugarritzea eta feminismoa- eta eztabaida fasea ireki zuten hortik ateratako ideien bueltan.

Eztabaida kolektibo horren ondoko emaitza aurkeztu zuten atzo: “Ehotzen” ponentzia. %75,5eko parte-hartzea izan zuen eta %93,5eko onespenarekin onartu zen datozen lau urteetan Ernairen jarduna ezaugarrituko duen bide-orria. Boto-emaileen %4,7k eman zuten boto zuria eta %1,8k ezezko botoa.

«Orain zabalpen fasean murgiltzea dagokigu, gure herri eta auzoetan ponentzia landuz, komunitatea kokatuz eta eduki nagusiak sozializatuz», agertu zuten Txomin Aiartza eta Amaiur Arbe kideek Ernairen ekitaldian.

Lau ardatz, bost eremu.

«Gazte Frontearen artikulazioa» izango da Ernairen «apustu nagusia» datorren ziklo politikoan, baina ez bakarra: naziogintza, hezkuntza eta borroka eremuak ere lehen lerrora ekarriko dituzte gazteek.

«Aldaketa sozial eta burujabetzaranzko norabide politikoan diharduen gazte mailako aldaketarako olatu gisa ulertzen dugu Gazte Frontea. Zentzu honetan, bizitza bizigarriak eskuratu ahal izateko eta zapalkuntza oro gainditzeko bokazioak ardazten du», esplikatu zuten Ainhoa Buenok eta Manu Martinezek. Herri eta auzoetatik, borroka sektorialetatik eta ikuspegi orokorretik egingo diote bultza horri.

Naziogintza indartzeko erabakia, bestalde, kezka batetik abiatu dute: «Pultsu nazionalaren beherakada» atzeman dute, batez ere gazteengan. Autokritika ere bai: «Horren aurrean plan falta izan dugu azken urteotan». Baina egoera iraultzeko epe motzeko estrategia du Ernaik. «Batetik, Euskal Herriaren eraikuntza proiektu eta bokazio eraldatzaileekin lotzeko ekinbidea indartuko dugu, horrekin, egungo belaunaldiak Euskal Herriaren eraikuntza bestelako mundu baten eraikuntzarekin lotzeko eta gazteriaren artean identitate abertzale eta eraldatzailea hedatzeko. Horren guztiaren garapenerako, kirolean, euskalgintzan, borroka antifaxistan, gazte sortzaileen proiektuetan edota gazteon aisialdian lanketak sustatuko ditugu», azaldu zuten Buenok eta Martinezek.

Hezkuntzari dagokionez, unibertsitateen «eredu publiko, nazional, burujabe eta komunitariorako bidea» egiten jarraituko dute, lanbide heziketan lanketak sustatuko dituzte eta, gainontzean, Ikama antolakundearen esku utziko dute ikasleen problematikaren lanketa. Atzo eman zuten aliantza hori estutzearen berri.

Azkenik, gazte mugimendu ezberdinen borrokak «artikulatu eta hauspotzea» du itu Ernaik. Ildo horretan, bost lehentasunezko eremu identifikatu ditu «gazteria zapalduen gehiengoa antolatzeko»: feminismoa -eta, zehatzago, Euskal Herriko Neska*Gazteen mugimendua indartzea-, gaztetxe eta gazte asanbladak, euskara, borroka transmaribibolloa eta baldintza duinen aldeko borroka.

Bide-orri horretan Ernaiko militanteek izango duten ardura «gazte mugimenduak dinamizatzea, norabidetzea, borroka berriak txertatzea eta eztabaidak sustatzea» izango da.

«Gazte olatu bat».

«Ikasturte honetan, Ernai indarberritu, egokitu, azalberritu dugu. Eta orain, argi dugu zertara goazen: gazte mugimendua indartu eta gazte fronte indartsu bat osatzera goaz, gazte olatu bat», nabarmendu zuen Ane Alava Ernaiko bozeramaileak.

Antolakundearen egiteko nagusiak laburtu zituen Alavak. Batetik, «gazte zapalduen errealitatea iraultzea» helburu duen estrategia garatuko dute. Bestetik, belaunaldi berriak ezker abertzalearen proiektura batzeko ahalegina egingo dute, iritzita mugimendua «gaztetu, indartu eta zabaltzea» ezinbestekoa dela Euskal Herriaren askapenerako.

Azkenik -«eta azpimarra berezia eginda», berretsi zuen Alavak-, gazte independentistak sortzea nahi dute, epe ertain-luzean gehiengoa independentziaren aldeko izan dadin: «Izan ere, Ernaik prozesu independentista eraldatzailea bultzatzeko ardura du, hausturak bilatu eta askapen mugimenduaren abiada azeleratzekoa. Eta horretarako, naziogintzaren ardatza indartzea beharrezkotzat jotzen dugu, eginkizun hori geure misio egiten dugularik».

«Ez dadila katea eten -segitu zuen Ernaiko bozeramaileak-. Izan garelako, bai, baina batez ere izango garelako: askapen prozesua muturreraino eramango duen belaunaldia izango gara».

«Urrats feminista» egiteko konpromisoa

Beste konpromiso sendo bat ere hartu zuen atzo Ernaik, hain zuzen, feminismoarekin. Helburua, Itxaso Mimezak eta Iker Eizagirrek aurkeztu zutenez, «feminismoa transbertsala izatea gure antolakunde osoan, kanpo jardueran, barne bizitzan, antolaketan edo militantzia ereduan».

«Antolakunde misto bezala, ardura hartu dugu gure estrategiaren osotasuna feminista bihurtzeko -berretsi zuten gazte antolakundeko kideek-. Estrategia feminista integral bat osatzera goaz, olatu feminista propioa eraiki eta balio feministen hegemonizazioa emateko».

Gogora ekarri zuten, bestalde, Ernai izan zela ezker abertzaleko lehen antolakunde feminista, baina esan zuten sorreratik (2013) gaurdainoko egoera asko aldatu dela, baita antolakundea eta militanteak ere. «Ernai gazte belaunaldi berri batek osatzen du, lehen urrats feminista bizi ez genuen belaunaldi batek, alegia», adierazi zuten.

Gaiak «destentsionamendua» eragin du Ernairen baitan, onartu zuten, ardurak dituzten kide gehienak gizonezkoak baitira eta «boteretze maila gehiegi» daukate. «Ez gara gai izan arazo hau identifikatu eta neurriak hartzeko, gure kide feministen lana bikoiztuz eta zailduz», azaldu zuten, autokritika eginez. Haiei mintzatu zitzaien Mimeza, esanez «batez ere» gizonei dagokiela aldatzea.

Hala ere, Ernaiko kideak sinetsita daude «prozesu independentista eraldatzaileak» feminista izan behar duela eta, beraz, «proiektu politiko feminista erradikal baten alde» agertu ziren Olatzagutian egindako ekitaldian.

Norbanako zein gazte antolakundeko «aldaketa» eskatuko du “Ehotzen” ponentziarekin batera onartu eta egin nahi duten «Urrats Feministak»: etxe barrura begira jarriko dira egiturazko antolakunde feminista eraikitzeko. «Hau orain antolakunde guztiaren erantzukizuna da eta denon konpromisoa da urrats hau egitea», gogorarazi zuten. M.T.