Surflari ernegatua

Ezohiko surflariak

Egun osoa aintziran sartuta pasatzen dute; horrela egiten diete aurre Afrikako tenperatura altuei eta eguzki gupidagabeari. Arratsean, oraindik argi apur bat geratzen denean, errekan behera abiatzen dira hondartzara eta luzaketak egin gabe itsasoratzen dira, pixkanaka, olatuei aurre eginez. Gero eta sakonera handiagoa dagoen neurrian haien hiru tonako gorputz erraldoiak ur azpian ezkutatzen dira eta azkenean soilik bi belarri txiki erakusten dituzte, “ahatearena” egin aitzin. Horrela, urautsira iristen dira eta handik olatuen bultzadak baliatuz lehorrera itzultzen dira. Gabongo kostaldean dagoen Loango Parke Naturaleko “hipopotamo surflariak” dira.

“National Geograp-hic” aldizkari entzutetsuak 2004. urtean argitaratutako erreportaje baten ostean egin ziren ezagunak surflari erraldoi hauek eta ordutik bisitari andana gerturatu da aipatu parke naturalera haien irudiak hartzera. Ez dituzte metro asko egiten olatuan, soilik haien bultzada baliatzen dute une labur batez arintasunak eskaintzen duen plazeraz gozatzeko. Ez dituzte aparrak hartzen, olatua lehertzen den eremua bilatzen dute, alegia energia gehien pilatzen den lekua, eta orduan, une egokian igeri eginez abiada lortzen dute. Zinez irudi ikusgarriak dira.

Ez dakit irakurleak zein ondorio aterako duen kontu honekin baina, nire ustez, Gabongo kostaldeko hipopotamo surflari hauek gauza bat agerian uzten dute, alegia, edonork egin dezakeela surfa. Ez du axola zenbat urte, kilo edo arazo dituen norbaitek, olatuekin gozatzeko aukerak muga- gabeak dira.