Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Hondarribia eta Arkote nagusitu dira Zumaiako olatu bizietan

ETE Ligako berdinketa «Ama Guadalupekoa»-k hautsi du, Hibaikaren aurkako lehia estuan nagusituta. KAE1 Ligako bigarren estropada, berriz, Arkotek eraman du, lehenengoan egin zuen bezala.

«Ama Guadalupekoa», pozarren Zumaian irabazi eta gero.
«Ama Guadalupekoa», pozarren Zumaian irabazi eta gero. (Endika PORTILLO FOKU)

Ia bi metroko olatuekin eta ipar-mendebaldeko haizea tamainan eta gorantz zebilela, adituen esanetan, estropada «oso marinela» egokitu zitzaien ETE eta KAE1 Ligako arraunlariei atzo eguerdian Zumaian.

Zailtasunak zailtasun, Hondarribiak lortu zuen ETE Ligako garaipena eta Arkotek ere beste hainbeste erdietsi zuen KAE1 Ligan; sailkapen nagusiko lidergoa sendotu dute biek, beraz.

ETE Ligako emakumeei egokitu zitzaien uretaratzea lehenbizi. Dagoeneko jokaturiko bi estropadetan ez bezala, ziaboga bakarreko proba «normala» egokitu zitzaien, bi txandatan banatua, ohorezko txanda horretan bost ontzi barruan zirela: Hondarribi eta Zumaiarekin batera, Hibaika, Deustu eta Ondarroako ontziekin.

Ezustean, aurreneko txandan Zarautzen garaipen bikaina oztopo gogorra izan zen ohorezko txandako traineruentzat. Ondarroa berehala geratu zen atzean eta, bestetik, Zumaia eta Hibaika nabarmendu ziren aurreneko minutuetan, Hondarribiak eta Deustuk traineru bat galtzen zuten bitartean.

OLATU BATEN ALDEA

Ziabogara iristean erreferentzien balekotasuna neurtu zen eta Hibaikak zein “Telmo Deun”-ek Zarautzen denbora hobetu bazuten ere, maniobra askoz eskasagoa egin zutelako “Enbata” denbora onenarekin geratu zen, aurkariei bigarren luzea egitea falta zitzaiela.

Zumaia atzean geratu ostean, “Ama Guadalupekoa” eta Hibaikako “Madalen” aritu ziren ikurrina eskuratzeko lehian.

Olatu bat nork harrapatuko, azken metroetan erabaki zen Zumaiako V. Ikurrina, eta “Ama Guadalupekoak” eutsi zion brankari, traineru beteko aldea aterata Hibaikari eta asteburu honetan oso gora egin duen Zumaiari. Aldiz, Zarautzek laugarren postua eskuratu zuen azkenean, Deustu eta Ondarroaren gainetik, aurreneko txandan emandako erakustaldiari esker.

ARKOTE, LIDER SENDOA

Haizeak eta olatuek behera egin zuten KAE1 Ligako bigarren estropada hasi zenerako. Hala, emakumeek baino arazo gutxixeago izan zituzten lanari ekiteko, baina estropadak, nolanahi, izerdia galanki botarazi zien arraunlariei. Arkotek, San Pedron egin bezala, Zumaian ere irabazi egin zuen atzo, eta KAE1 Ligako lider sendoa dela erakutsi zuen denboraldiaren hasiera honetan, betiere San Pedroko “Libia” trainerua atzetik duela. Hirugarren postuan berdinduta dauden San Juan eta Zarautz, esaterako, zazpi puntura daude dagoeneko.

Izan ere, Arkotek eta San Pedrok ohorezko txandan berehala nabarmendu zuten branka, San Juan eta Hondarribia B-ren kalterako. Plentziakoek berehala hartu zuten ekimena, baina San Pedro gainetik kentzea nahikotxo kosta zitzaien.

Are gehiago, “Libia” arinago sartu zen bigarren ziabogan traineru bizkaitarra baino, baina ez zuen asmatu maniobrari ekiterakoan eta Plentziako taldeak estropadaren bigarren erdiari berriz ere branka aurretik sartuta ekiteko abagunea eskaini zion. Ondorioa, sanpedrotarren irristada baino askoz sakonagoa izan zen, Arkotek traineru beteko aldea hartu baitzuen. Azken luzean San Pedro berriro hurbildu zen, baina “Libia” ez zen Arkoteri irabazteko gai izan.

Hirugarren posturako borroka, berriz, bigarren txandan erabaki zen. Pedreñak eta Zarautzek San Juan eta Hondarribia B atzean laga zituzten azken sailkapenean.