Jon GARMENDIA
Idazlea

Uda arte

Kontatua dut uda nola hasten nuen nerabe nintzenean. Ordea, orain, nerabe izatea zer den besteei begira ulertzen dudanetik, ni ere udaren atarian udazkeneko hosto zimelen antzeko bihurtzen ari naizela ohartzen hasi naiz.

Gibelera begira, gazte nintzenean ere udako solstizioa baitzen ardatza, San Joan bezpera, festa usaina, gaurik gabeko egunen esperantza. Hernanin suziria, sanferminak iparrorratz gisa, Bilboko txosnak erdibide moduko, eta udaren amaiera Egiako Porrontxoekin. Zuek ere izanen duzue festen ibilbidea uda marrazteko, segur naiz.

Gaur egun, Pakok ekartzen dit uda. Mallabira itzuli zenetik astebete pasatzera etortzen da Lapurdiko zoko honetara eta han eta hemengo kontuez aritzeko parada izaten dugu aspaldiko partez. Maite duzun norbait egunero ikusten ez duzunean beti baita aspaldi. Eta, jakina, ‘han eta hemen’ ez da muga batek bereizten duen eremua, baizik toki bakoitzean badirela kontatzeko bizimoldeak.

Hernaniko sanjoanekin hasi gara hizketan, eta lehen zer nolako giroa bizi zen, elkarbizitza, festa, jendea, uda herri batetik bestera, festa. Dena aldatu ote den edo gu garen aldatu garenak, horra ene konklusioa.

Tira, zertarako luzatu gauza ebidenteekin. Bizitza bat dugu orain, beste bat agian bihar; garrantzitsua den gauza bakarra da batera biziko ditugula. Niretzat, bizitza uda batetik bestera maite dudan jendearekin elkartzea baino ez baita, ahal delarik irribarre batekin.