Xabier IZAGA
GAUR8ko erredaktorea
JOPUNTUA

Zergak eta herrialde arteko harreman normalizatuak

Nador eta Melilla arteko muga zeharkatzeko saiakeran hil berri diren dozenaka migratzaileak holokaustoaren pareko planifikazio baten biktima direla esatea nolabaiteko reductio ad Hitlerum izan liteke. Basakeriaren biktima direla esatea, ordea, motz geratzea litzateke.

Joan den astean Espainiako patronalaren presidente Antonio Garamendik konpainia elektrikoei sozietate zerga igotzeko posibilitatea nazien holokaustoaren pare jarri zuen. Hartarako erabili zituen hitzak norenak diren bigarren mailakoa da; hala ere, bitxia. «Nire ustez denok ezagutzen dugun pertsona bat aipatu nahi nuke. Bertolt Brecht izena du», esan zuen. Denok? Berak ez, behintzat. Ezagutuko balu ez bailuke aipatuko. Eta Martin Niemöller ere beharbada ez luke oso gogoko izango. Artzain luterano hark Garamendik aipatu zuen poemarekin Alemaniako intelektualen jarrera salatu zuen, holokaustoaren aurka ez azaltzeagatik.

Eta Alemaniako enpresariak? Garamendi jaunak beharbada badaki intelektualek baino jarrera okaztagarriagoa izan zutela urte haietan, gaur egun puntakoak diren zenbait konpainiaren jabeak barne. Eta Italia faxistan, beste horrenbeste, eta Espainia frankistan antzera. Garamendi ordezkari duen elkartean badira frankismoan aberastutako enpresariak edo haien ondorengoak. Inork uste al du Bertol Brechtek edo Martin Niemöllerrek haien alde ezer idatziko zuketela?

Energia esku pribatuetan egoteari eta prezioak jartzeko sistema eskandalagarri bati esker, pandemian zein Ukrainako gerran, sekulako irabaziak dituen sektore bati zergak handitu nahi izatea holokaustoaren pareko astakeria da, Garamendiren ustez. Miseriatik ihesi doazen pertsonek (ez dibidenduak banatzera doazen akziodunak, baina pertsonak) bizitza hobe baten esperantza ez ezik bizia ere txarrantxetan uztea holokaustoaren pare agertzea gehiegizkoa da beharbada. Herrialde demokratikoen arteko harreman normalizatuen erakusgarri direla esan beharko.