GARA
BILBO

Kontsulta bat egitea babestu du Otegik: «Noiz? Mandatu demokratikoa dugunean»

Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeon zoriondu du Arnaldo Otegik, datorren urtean egin nahi duten erreferenduma iragartzeagatik. Euskal herritarrek ere erabakitzeko eskubidea dutela ohartarazi eta kontsulta bat babestu du EH Bilduko koordinatzaileak.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak datorren urtean autodeterminazio erreferenduma egitea proposatu du, bigarrena izango litzatekeena. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Arnaldo Otegik, Edinburgoko agintariek hartutako erabakia goraipatu zuen atzo, eta autodeterminazio eskubidearen ariketak «modan» daudela adierazi zuen.

«Autodeterminazio eskubidea eta burujabetzaren eztabaida modan dago Europan eta munduan. Euskal herritarrok ere aldarrikatzen dugu adin nahikoa daukagula, energia intelektual nahikoa daukagula, energia ekonomiko eta sozial nahikoa dugula guk ere ariketa hori egiteko. Noiz? Hori egiteko mandatu demokratikoa daukagunean», adierazi zuen Otegik koalizio soberanistak sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

Bertan azaldu zuenez, «historiaren haizeek autodeterminaziora eramaten dituzte herriak. Eta historiaren kontra daudenak dira hori zapuztu nahi dutenak». Zentzu horretan, ultraeskuindarrek burujabetzaren inguruko eztabaida «lapurtu, bahitu eta manipulatu» egiten dutela ohartarazi zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

«Ultraeskuindarrentzat burujabetza baztertzailea da, homofoboa da, misoginoa da eta arrazista da. Ultraeskuindarrentzat burujabetza elite ekonomikoak babesteko tresna bat da. Aldiz, ezker soberanistek beste era batetara ulertzen dugu burujabetza», nabarmendu zuen.

Burujabetza.

«Zer da burujabetza guretzat? Gauza oso sinple bat: nork zer erabakitzen duen eta nola erabakitzen duen», argitu zuen Otegik bideoan. «Eta guk, euskaldun bezala, herri guztiek bezala, dena erabaki nahi dugu Euskal Herrian, Euskal Herrian lan egiten duten eta bizi diren guztien artean. Uste dugulako horrek ahalbidetu egiten duela beste politika aurrerakoi batzuk egiteko aukera», gaineratu zuen.

Zentzu horretan, EH Bilduk babesten duen burujabetza eredua deskribatu zuen koalizioko koordinatzaile nagusiak: «Gure helburua da Euskal Herri progresista aurrerakoia, justua, berdinzalea eta feminista eraikitzea, eta horretarako nahi dugu burujabetza».