Andoni ARABAOLAZA
TRAD ESTILOA

Lehen igoera femeninoa bide gogor eta beldurgarri batean

Anna Hazlett estatubatuarrak «The Walk of Life» bidea (E9 6c) eskalatu berri du. Devoneko (Ingalaterra) marra sinatzeko ekinaldi gutxi behar izan ditu. Maila horretako bere bigarren bidea da.

Maiz aipatu izan dugu Britainia Handiko eskalada tradizionalak, batez ere zailtasun handia duenak, ez duela batere jarraitzailerik nazioarteko eskalatzaile sasoikoenen artean. Tantaka bada ere, azken urteotan lehen lerroko eskalatzaile atzerritar batzuk ausartu dira uharte horretako trad estiloak eskatzen dituen teknika eta neurritasuna probatzea.

Horietako bat Anna Hazlett dugu. Berez estatubatuarra da, baina egun Ingalaterran bizi da. Iaz, Hazletten izenak leku esanguratsua bereganatu zuen hedabide espezializatuetan; izan ere, “OUAT” bidea (E9 6c) igo zuen. Trad estiloko lehen bide gogorra zuen. Sasoia izan baduela argi zegoen aurretik ere, eta, gainera, estilo horrek eskatzen dituen trikimailu guztiak erakusteko “izar” bat izan du ondoan: Tom Randall.

Eskalatzaile estatubatuarraren jarrera ezagututa, argi zegoen izaera horretako jarduera gogorrak ez zituela besterik gabe alboratuko. Bada, Hazlettek beste urrats bat egin eta maila bereko bigarren marra eskalatu berri du. “The Walk of Life” du izena. Aurreratu behar dugu Devoneko (Ingalaterra) proposamen horrek sona handi duela. Trad estiloak duen espezialista handienetariko batek, James Pearsonek, 2008. urtean puntu gorria jarri zion. Ondoren, beste errepikapen batzuk izan ditu, baina estatubatuarrarena lehen igoera femeninoa izan da. Hortaz, atzerritarra izateaz gain, lehen emakumezkoa izan da marra gogor eta beldurgarri hori kateatzen.

«THE WALK OF LIFE»

Hazlettek “OUAT” erorikorik gabe gainditu zuenean, argi eta garbi zuen jada bere bigarren helburua “The Walk of Life” izango zela. Eta hori bi bideek murru bera partekatzen dutelako diogu: “Neure buruan bi marrok nituen iltzatuta. Ez nuen zalantzarik: biak ala biak egin nahi nituen! Eta. horretarako, lehen ekinaldiak soka gainetik probatu nituen. Beste era batera esanda: murruak eskaintzen dituen proposamen gogorrak dastatu nahi nituen. Aurreratu behar dut slab-a (plaka) dela nire estilo gogokoena, eta, hortaz, bi xedeotan buru belarri jardutea zirraragarria zela niretzat. ‘OUAT’ egin ondoren ez nuen aukera handirik izan ‘The Walk of Life’-n mugimenduak ezagutzeko. Baina neure buruari esan nion derrigorrez itzuli behar nintzela».

Eta hitzari eutsi dio Hazlettek. Randallekin Devonera bidaiatu, lehen mugimenduak probatu eta erabat harrapatuta geratu zen. Alabaina, lehen ekinaldiak ez ziren oso erosoak izan: «Marrak dituen sekuentziak paregabeak dira. Oso erakargarria da plaka horietan eskalatzea. Baina onartu behar dut lehen egun horretan mugimendu ia gehienetan asmatzea asko kostatu zitzaidala. Hainbat ordu alde batetik bestera ibili eta hainbat konbinazio probatu ondoren, egoera asko argitu zen. Neure gorputza beste era batera hasi zen funtzionatzen: askoz ere askeago».

Erabat motibatuta eta pozarren etxera itzuli zen. Mugimenduak eta sekuentziak ez ahazteko, duela pare bat aste Devonera itzuli zen. Ez zuen inolako presarik eta astebete egin zuen “The Walk of Life”-n. Behin betiko ekinaldiari dagokionez, Hazlettek aurreratu du prozesu guztia menderatu arte ez zuela azken saioa hasi: «Aste osoa bidea kontrolatu nahian jardun nuen. Eta bitxia bada ere, bidaiako azken egunean prest nengoen benetako ekinaldi bat egiteko. Eta lehen saioan sinatu nuen ‘The Walk of Life’. Eskalada horretan argi nuen erorikoak saihestu behar nituela; beldurgarriak dira. Eskalada tradizionalean ez dut eskarmentu handirik ohiko tresneria jartzen. Azken bolada honetan asko hobetu dut, Tomek berak onartu dit eskalatzaile tradizional baten itxura nuela».

«OSO SEGURU»

Horrez gain, eskalatzaile estatubatuarrak aipatu nahi izan du “OUAT”-en alderatuta, igo berri duen “The Walk of Life”-n askoz ere seguruagoa eskalatu duela: «Aitzitik, eroriko handiena saihestu behar nuenez, urduri jarri nintzen. Sekzio horrek duen giltza gainditu nuenean, berriz, eskaladarekin gozatu eta amaierara iritsi nintzen. Uste dut bidea eskalatzen 45 minutu igaro nituela. Atseden hartzeko lekuak aprobetxatu nituen, eta, gainera, haize bolada handiak zeudenez, nire mugimendu guztiak kontrolatzen saiatu nintzen. Oso zirraragarria izan zen».

Arrakasta lortu eta gero, estatubatuarrak hitz onak izan ditu bere jarduna ikusten eta babesten izan ziren guztientzat; baita lorpen horren ondoren herriko kanpaiak jo zituen lagunarentzat ere.

Era horretan, bada, “The Walk of Life”-k lehen igoera femeninoa ezagutu du. Eta hain zuzen ere, Hazlettek bidearen inguruko azken hausnarketa bat egin nahi izan du. Bitxia bada ere, atalka banatu du egindako ahalegina: «Eleberri on batek bezala, lehen kapituluak harrapatu egiten zaitu. Lehen sekzio gogorrak 12 metro ditu, eta oso-oso teknikoa da. Zeure burua kontrolatzea ezinbestekoa da. Bigarren atalak erakusten dizu marra igotzeko metodo ezberdinak daudela. Izan ere, berez ez du giltza izan daitekeen mugimendu bat. Baina pausu altuak eta aleatorioak nagusi dira. Puntu horiek magnesioarekin markatu nituen. Hirugarren kapitulua zorrotza da oso; zailtasunean oso iraunkorra den sekzioa gainditu behar da. Eta, batez ere, oinek lan handia eta ona egin behar dute ezinbestean».

Amaitzeko, lerrootako protagonistak ez du aipatu gabe utzi nahi bidean jartzen den tresneriaren garrantzia: «Lasai asko aitor dezaket horrek guztiak ‘The Walk of Life’-n egindako jarduna biribiltzen duela. Kontuan hartu behar da une zehatz batean 8b maila (frantziar eskalan) duen sekzio gogor bat gainditu behar dela. Horrek ere istorioari batasuna eskaintzen dio. Finean, ‘liburuaren’ atal guztiak ondo baino hobeto lotuta daude».