Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Orioren astindua eta Arraun Lagunaken lehen kolpea

Eusko Label eta Euskotren ligetako lehendabiziko banderak Oriora eta Donostiara joan dira Bilbon jokaturiko erlojupekoan azkarrenak izan ostean. Gaur Donostian lehiatuko dira traineruak.

Arraun Lagunakeko arraunlarien poza -aurpegiz Andrea Astudillo patroia eta Xuri Uribarrena-, Bilbon garaipena eskuratuta.
Arraun Lagunakeko arraunlarien poza -aurpegiz Andrea Astudillo patroia eta Xuri Uribarrena-, Bilbon garaipena eskuratuta. (Aritz LOIOLA FOKU)

Gipuzkoako txapelketan hirugarren bukatu eta Euskadikoa jokatzeko txartelik gabe geratzea ezustekoa izan zen Arraun Lagunakentzat. Bada, porrot horretatik altxatu nahian-edo, denboraldiko lehen kolpea jo zuen atzo Bilbon jokaturiko erlojuaren kontrako estropadan, denboraldiko lehenean. Lugañene ontzia Orio baino bost segundo azkarragoa izan zen, minutuko 35-36 paladako erritmoarekin -oriotarrena azkarragoa izan zen, 39 paladakoa-.

Iazko txapeldunak izan arren, IV. Bilboko Banderan azkenak izan ziren ateratzen eta, beraz, Oriorekiko aldearen berri izan zuten une oro. Nadeth Agirre patroi izan zuen traineruak lehen luze oso ona egin zuen, baina ziabogara hurbildu ahala, donostiarrak aldea murrizten joan ziren, arraunkera luze baina indartsuarekin. Hirugarrena Donostiarra izan zen, eta, laugarrena, maila gorenean debutatu zuen Tolosaldea.

AUKERA PROBESTU

Eusko Label ligako estreinako estropadan Oriok ezustekoa eman eta denboraldiko lehen bandera lortu zuen. Bigarren txandako denborak hobetzeaz gain, ondo probestu zuen bere aurretik aritu zen Donostiarrak bigarren ziabogan balizarekin izandako endredoa. Arraunean kateatuta geratu zen baliza eta ezin solta aritu ziren, Oriok denbora jaten zion bitartean. Bigarrenak izan ziren donostiarrak, hala ere, Hondarribiari bost segundo aterata. Laugarrena Zierbena izan zen, bigarren txandan denbora onena eginda.

Oso indartsu aritu zen Zierbena, Urdaibairen nagusitasuna kolokan jarriz. Nabarmentzekoa ere Getariaren debuta gorengo mailan, lehen txandako denbora onena eginda; gaur bigarrenean arituko da.