GARA

Izotzaren krisia mehatxu bihurtu da Gasteizko jaietan

Fabrikazio kostuek eta elektrizitatea garestitzeak enpresek izotza erregularki sortzeari uztea ekarri dute. Horri eskari handia gehitu zaio eta krisiak eragina izan dezake Andre Maria Zuriaren festetan.

Jela puskez betetako izozkailu baten irudia.
Jela puskez betetako izozkailu baten irudia. (Jon URBE | FOKU)

Izotz-hornitzaileek ohartarazi dutenez fabrikazio-kostu handiek eta elektrizitatearen garestitzeak hornidurarik ez izatea eragin dute, eta, ondorioz, erregularki izotza ekoizteari utzi diote. Gainera, horri gehitu behar zaio tenperatura igoerek eragindako izotz eskaera handia. Horiek horrela, Gasteizko jaien hasieran, taberna asko arazoak izaten ari dira izotza lortzeko. Izan ere, bero boladak egoera zaila eragin die ekoizleei.

«Neurrigabeko eskaria egon da zinez, ez genuen antzeko egoerarik ezagutzen 2003tik. Estatuko fabrikatzaile handi guztiak ia izotzik gabe daude eta eguneroko ekoizpenarekin moldatu beharra dugu», nabarmendu zuen atzo Gasteizko Hielos Bugy Bugy enpresako Jose Manuel Mesanak TVEri egindako adierazpenetan. Hielos Everest enpresako merkataritza eta marketin arloetako arduradun Jhonatan Poma ere kezkatuta agertu zen atzo Onda Ceron. «Astean 24 tona banatzen ari gara; lehen 24 tona banatzen genituen egunean», azpimarratu zuen.

Izotz fabrikatzaileek ezin izan zuten neguan behar adina jela ekoitzi eta biltegiratu argiaren prezio altuengatik, eta orain ez dute eskaerari erantzuteko behar adina stockik. Oro har, arazo horrek eragina du izotz pusketan edo izotz xehatuan, ez hainbeste arraina edo beste elikagai batzuk fresko mantentzeko balio duen izotzean.

Pomak azaldu zuenez, udako hilabeteak funtsezkoak izan ohi dira beraientzat, baina, aurten, bizi duten egoera ikusita, berea bezalako enpresek oporrak hartzera behartu behar izan dituzte langileak: «Langileak etxean ditugu eta furgonetak geldirik». Egoera ostalaritzako eta ekitaldi antolaketako enpresak «larriki» kolpatzen ari dela ziurtatu zuen Pomak, bezeroei eskatzen duten izotza ezin dietelako eskaini. «Egunotako beroarekin edari edo koktel bat hartu behar baduzu eta, izotzik ez badago, etxera zoaz eta kito», laburbildu zuen.