Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Ezezaguna

Arte indigena (batik bat gaur egun Arizona, Kalifornia, Utah eta Mexiko Berria bezala ezagutzen diren lurraldeetako talde indigenena) sustatu eta ezagutzera ematea du helburu irabazi asmorik gabeko Heard museoak. Kontu eta arreta handiz apailaturiko erakusketak antolatzen ditu Phoenix hiriko museoak, betiere komisario indigenen parte hartzearekin, indigenen historiak, kulturak eta artea errespetuz jaso eta ezagutaraztea baitu xede. Museoak ez baitira indigenen aliatu izan eta egindako kaltea konpontzeko dago. Egunotan Heardeko aretoetako batean ikusgai daude “No Horse” kontu liburua bezala ezagutzen den koadernotik harturiko 28 marrazki, 1870 eta 1882 bitartean egindakoak. Egileetako bat txeiene/arapaho jatorriko No Horse dela uste dute adituek, hortik koadernoari emandako izena. Gertaera historikoen memorian oinarriturik daude marrazkiak; memoria hori koadernoan jasota beren ondorengoei transmititu ahal izatea espero zuten egileek. Marrazkigintzak rol garrantzitsua betetzen du kultura indigenetan, belaunaldi batetik bestera jakintza transmititzeko baliabidea baita.

Kolonoek beren lurraldeak indarrez hartzerakoan, indigenak harkaitzen ordez kontuak eramateko koadernoak erabiltzen hasi ziren beren marrazkietarako. No Horsekin batera beste sei artistak parte hartu zuten marrazkien osaketan. Erakusketan artist once known (“garai batean ezagutzen zen artista”) bezala agertzen dira, ezezaguna zaiguna ez baita anonimoa.