Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Galizian gauzak gertatzen ari dira

Uste dut eraldaketa handiak gertatzen ari direla Galiziako jendartean, eta ez Feijoo esportatu dutelako, minorizazio, periferizazio eta barne kolonizazio prozesu historikoek erantzun berriak piztu dituztelako baizik. Galizia historia luze eta emankorreko herri subordinatua da, espainiar Estatuak periferia bilakatu duena, bertako kultura eta hizkuntza baztertuz, herrialdea folklorizatzen zuen une berean. Compostelan kokatuta dago, mitoaren arabera, Santiago, Espainiako patroia, eta egun berean ospatzen dira bere festa eta Galiziako Aberri Eguna. Menpekotasunak era guztietako estraktibismoa ekarri die galiziarrei, baita mitoena ere!

Aspaldikoa da subordinazio horren kontrako erantzuna: Castelao eta Rosalia izen handienak direlarik. BNG erakundea da gaur egun, desertuko zeharkaldi latz baten ondotik, Galiziako bigarren indar politikoa eta bere erreferente nagusia, Ana Ponton, bizkor dabil eskuinari aurre egiteko lehian. Aurtengo Dia da Patria Galegako ekitaldiak bereziki jendetsuak izan dira, eta mezuetan atzematen ziren lurraldea lideratzeko borondatea eta gaitasuna.

Nik, alta, Tanxugueiras fenomenoa azpimarratu nahi dut. Aitortu behar dut kostatu zitzaidala Eurovisionen espainiar Estatua ordezkatzeko asmoa eta hartutako erabakiaren kontrako erreakzioa ulertzea. Baina hori da talde horren eta bere kantaren atzean dagoena ez nuelako ulertu, egia esan. Aski izan zen Compostelako Festigalen ikustea, taldearen indarraz, sakontasunaz, alaitasunaz eta, batez ere, jendea pizteko gaitasunaz jabetzeko. Herri baten harrotasuna astintzeko gaitasuna izan dute neska horiek, nola eta galegoz, herritar xumeen hizkuntza baztertuan, zer eta herri kanta folklorizatuak gaurkotuz. Galizia munduan jarri dute, nolabait, eta horrek eragina izan du Galizian.

Jaialdi hura ez zen salbuespena izan. Halako ekitaldi aunitz egin dituzte, arrakasta erraldoiarekin. Eta nago ez dela moda bat, sakoneko joera baten adierazpena baizik.