GARA
IRUÑEA

Ziztadak lesio delitu gisa tratatuko dira, genero larrigarriarekin

Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolak atzo nabarmendu zuenez, eremu publikoan ugaritzen ari diren emakumeei egindako ziztadak, sumisio kimikorik ez dakarten kasuetan ere, genero larrigarria duten lesio delitu gisa tratatuko dira aurrerantzean.

Beldurraren aurkako feministak, ostegun gauean Andre Maria Zuriaren jaietan.
Beldurraren aurkako feministak, ostegun gauean Andre Maria Zuriaren jaietan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolak 60 kasura igo zuen atzo segurtasun indarrak uneotan aztertzen ari diren ziztaden kopurua (Ertzaintza hamabost ikertzen ari da). «Atzean zer dagoen» zehaztu nahi dute: delitu bat egiteko sumisio kimiko saiakera edo «segurtasun gabeziaren sentsazioa» sortzeko nahia. Azken ziztada kasuak hiru izan dira, Gasteizko jaietako Zeledonen jaitsieran zehazki.

Grande-Marlaskak TVEko “La hora de La 1” saioan egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, polizia indarrak koordinatuta ari dira lanean. Ziztaden helburua «substantzia toxikoen inokulazioaren» bidez biktima menderatu eta delitu bat egin ahal izatea den jakin nahi dute, batez ere sexu-delitua. Baina «atzean bestelako borondaterik dagoen» ere jakin nahi dute, adibidez, «segurtasunik gabeko egoera bat helarazten saiatzea» eta, batez ere, «kolektibo bat beldurtzea», emakumeak espazio publikotik ateratzen saiatuz «diskurtso erabat matxista batekin».

«Delitua da»

Barne ministro espainolak nabarmendu zuenez, «jokabide hori delitua da». Are, Grande-Marlaskak aurreratu zuen ziztadak lesio delitu izango direla, genero larrigarriarekin.

Indarrean diren ikerketek ziztaden atzean zer dagoen argitzea ekarriko dutela uste du Barne ministroak. «Kasuen azterketa indibidualizatua egiten ari gara, zeri jarraitzen dioten zehaztu ahal izateko», gaineratu zuen.

Grande-Marlaskak biktima ia guztiak emakumeak direla nabarmendu zuen eta eskaera zuzena egin zien ziztaden balizko biktimei: «Ziztada bat jaso izanaren gutxieneko ustea izanez gero, gertatutakoa salatu eta osasun zentro batera joan, toxiko batzuk oso azkar xurgatzen baitira».

Grande Marlaska Barne ministro espainolak gogorarazi zuen sumisio kimikoa ez dela kontu berria, eta segurtasun indarrak «aspalditik» ari direla lanean erantzun penala lege aldaketekin areagotzeko.

Bestalde, Bilboko konpartsek eraso sexisten aurkako protokoloa eguneratuko dute Aste Nagusian, emakumeei egindako ziztadei buruzko jarraibideak ere sartzeko.

Protokoloko berrikuntzen berri abuztuaren 16an emango dutela iaragarri zuten atzo. Idoia Ugalde federazioko bozeramaileak gogorarazi zuenez, «garrantzitsua da denok jakitea zer egin behar den jaiez beldurrik gabe gozatzeko».

Hiru emakumek ziztadak salatu dituzte Zeledonen jaitsieran

EAEko beste leku batzuetan gertatutakoaren ostean, Gasteizko jaietan ere emakumeen aurkako ziztada kasuak izan dira, itxuraz bestelako ondoriorik gabe. Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, Zeledonen jaitsieran hiru salaketa izan ziren. Mugimendu feministak horrelako kasuetan jarduteko irizpideak argitaratu ditu.

Gertakariak Ertzaintzaren aurrean salatu dira, eta osasun zerbitzuak biktimen esku jarri. Urtaranen arabera, kasuak banaka ikertzen ari dira, eta dagokion protokoloa aktibatu da.GARA