GARA
BILBO

Makroekitaldietako prekaritatea, berriro ere agerian

Metallicak eta Fitok Bilbon emandako kontzertuetan eta BBK Live jaialdian lan egin ondoren, oraindik ez dutela kobratu salatu dute dozenaka lagunek sare sozialen bidez. Instituzioek bultzatzen dituzten makroekitaldiotan nagusi diren lan baldintza kaskarrak aspalditik daude sindikatuen eta beste eragile sozialen jopuntuan.

BBK Live jaialdiko irudi bat.
BBK Live jaialdiko irudi bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Covid-19aren pandemia amaitu eta uda helduta, bueltan dira instituzioek asko maite dituzten makroekitaldiak, eta horrekin batera baita bertan lan egiten duten langileen prekaritatea ere. Azken egunetan dozenaka lagunek salatu dute sare sozialen bitartez Metallica eta Fitoren kontzertuetan eta BBK Live jaialdian lan egin zutela eta oraindik ere ez dutela beren soldata jaso.

Fito & Fitipaldisen kontzertua ekainaren 11n izan zen San Mamesen, eta Metallica talde estatubatuarraren kontzertua uztailaren 3an, estadio berean. BBK Live uztailaren 7tik 9ra egin zen Kobetamendin (Bilbo). Hilabete baino gehiago igaro da jada, eta Last Tour bezalako enpresa antolatzaileek «dena ondo» egin dutela esan duten arren, langile askok Lan Ikuskaritzara jo dute oraindik euro bakar bat ere ikusi ez dutela jakinarazteko. Beste langile batzuek, berriz, hitzartutako soldataren zati bat bakarrik jaso dute.

Horrelako ekitaldietan, langile asko egun gutxi batzuetarako kontratatzen dituzte, zerbitzari, kutxazain, laguntzaile, muntatzaile... gisa aritzeko. Askok kontratu legalik ere ez dute izaten, eta, ondorioz, lan-baldintzak oso kaxkarrak izaten dira: zortzi ordu baino gehiagoko lanaldiak, soldata oso baxuak…

“Deia” egunkariak adierazi duenez, enpresa kontratatzaileek ziurtatu dute langileek asteon kobratuko dutela, baina edizio hau itxi zen unera arte, askok oraindik ez zuten diru-sarrerarik jaso. Bat baino gehiago legezko salaketa bat jartzea aztertzen ari da egoera konpontzeko, Lan Ikuskaritzan gomendatu dieten bezala.

EH Bilduren galderak Bilboko Udal Gobernuari

Egoera ikusita, EH Bilduren Bilboko udal taldeak bere haserrea erakutsi du, eta zenbait galdera egin dizkio Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu arloko zinegotziari, hurrengo osoko bilkuran erantzun ditzan.

«Enpresei informazio motaren bat eskatu dio Udalak? Udalak neurri motaren bat eskatzen al die enpresei hirian antolatzen diren ekitaldietako langileen lan baldintza duinak bermatzeko? Udalak, etorkizuneko ekitaldiei begira, neurririk hartuko al du ekitaldi horietako langileen lan baldintza duinak bermatzeko?», galdetu dio koalizio subiranistak.

Ez da kontu berria

Eraginek, Bilboko gazte prekarizatuen asanbladak, gogor salatu zituen 2019an BBK Liven izaten diren lan baldintzak: orduko 5 eurotik beherako soldatak, baita 3,5 euro ere kasu batzuetan, 15 orduko lanaldiak atsedenerako eskubiderik gabe...

Horrez gain, Eraginek salatu zuenez, soldatak jaialdia egin eta bi hilabetera eta San Mamesen aparkatutako furgoneta batetik ordaindu zizkieten langileei. Eraginek gertatzen ari zena jakinarazteko salaketa kanpaina bat abiatu zuenean, Last Tour sustatzaileak auzitegietara jotzearekin mehatxatu zuen, «enpresaren izen ona zikintzeagatik».