Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Castro (I)

Haserre da John Legizamo Kubako Iraultzari buruzko film batean Jared Leto aktorea kontratatu dutelako Fidel Castroren rola jokatzeko. Aktoreak gogor kritikatu du Hollywoodek latinoak nola irudikatzen dituen; rol txikietara mugatzen dituzte, eta, gainera, latino ezagun bat antzezteko aukera dagoenean, aktore zuri bat aukeratzen dute.

Kategoria bitxia da oso “latinoarena”. Amerikar kontinentean angloak irabazten ari ziren nagusitasunari aurre egiteko erabiltzen hasi ziren kolonizatzaile frantsesak eta espainiarrak, beren europar jatorria eta zuritasuna beste talde etnikoen aurrean defendatzeko. Denborarekin bestelako adiera hartu du; jatorriz Mexiko edo Hego Amerikako herrialde batekoak direnak izendatzeko erabiltzen da. Jatorri horrek automatikoki koloreko pertsona bihurtzen ditu, zuritasuna europar jatorrikoei dagokielako. (1924ra arte, ordea, europar jatorriko guztiak ez ziren zuri kontsideratzen; irlandarrak, italiarrak, euskaldunak... immigrazio lege bati esker bihurtu ziren zuri).

“Latino” hitzak, beraz, ez du kontuan hartzen Mexikoko eta Hego Amerikako etnizitate aniztasuna. Generoari begira pluralagoa den “LatinX” ez da hobea, zentzu horretan, AEBek sorturiko nortasun kategoriak bere egiten baititu. Legizamok ez du arazorik horrekin, hibridizazioaren teorialariek, Gloria Anzalduak haien artean, proposaturikoa bere egiten baitu: latinoak arraza nahasketaren emaitza direla, alegia. Baina hibridizazioaren diskurtsoa indigenak zapaltzeko taktika izan da eta oraindik ere bada.