EDITORIALA

Espetxe politika mantsoegi aldatzen ari da

Sarek espetxeetako egoeraren balantzea egin zuen atzo. Zenbait pauso eman direla onartu zuen, erritmoa motela den arren. Oraindik ibilbide luzea falta dela aurretik adierazi zuen eta, gainera, Auzitegi Nazionalaren jarrerak aurrerapausoak oztopatu besterik ez duela egiten. Horixe bera salatu zuen orain dela gutxi Behatokiak publiko egin zuen txosten batean. Bertan nabarmentzen denez, indarrean den salbuespen legediak zeregin erabakigarria jokatzen du euskal presoei legeria arrunta ez aplikatzeko.

Ildo horretan, datuak oso adierazgarriak dira. Pedro Sanchezek espetxe politikaren aldaketa iragarri zuenetik hiru urte pasa ziren muturreko urruntzearekin amaitzen hasteko. Hamahiru hilabete geroago, gainera, oraindik 47 presok Euskal Herritik kanpo jarraitzen dute, hau da, kolektiboaren %28. Aurreratzen ari da, baina mantso. Antzeko zerbait gertatzen ari da espetxe onuren, baimenen eta gradu progresioen aplikazioarekin. Gutxi gorabehera 160 presok izan beharko lituzkete espetxe baimenak, baina horien %20k bakarrik lortzen dituzte. Gauza bera gertatzen da hirugarren gradura igarotzeko aukerarekin, soilik presoen %25ek lortzen dute. Eta espetxe onurak aplikatzearen ondoriozko zigor murrizketarik ia ez da gauzatzen, salbuespen legedia indarrean egoteak asko oztopatzen baitu aukera hori. Beste eragozpen garrantzitsua Auzitegi Nazionala da, dena auzitegi horretan erabakitzen baita. Eta beste Estatu askotan bezala, epailetzan eskuin mutur politikoa gotortu da Espainian ere. Eta posizio horretatik aurrerapausoak zapuzten saiatzen da.

Mendeku jarrera batetik bakarrik uler daiteke ETAren jarduera amaitu eta 11 urtera eta erakunde armatua desegin zenetik lau urtera, Espainiako Estatuan oraindik ere presoen auzian blokeoa mantentzea. Euskal gizarteak normalizazioan eta bizikidetzan aurrera egitea eskatzen du, eta horretarako presoen gaiak askoz ere azkarrago egin behar du aurrera. Legeria arruntak ezarri bezala, euskal presoek ere etxetik hurbil egoteko, familia bizitzaz gozatzeko eta zigorrak amaigabe ez bihurtzeko eskubidea dute. Euskal presoek aske irteteko eskubidea dute, trabarik gabe, azpijokorik gabe.