Iraide IBARRONDO
OMENALDIA KALIMOTXOAREN SORTZAILEEI

«Kalimotxo ‘K’ eta ‘TX’ hizkiekin idazten da!»

Dagoeneko 50 urte pasatu dira Algortako Antzarrak kuadrillako kideek kalimotxoa asmatu zutenetik. Urteurrenaren harira, omenaldia egin zieten atzo Portu Zaharreko festetan. Jendetza batu zen portuan, eta bertan, edariaren sortzaileek argi eta garbi utzi zuten edari ikonikoaren izena zein den: «Kalimotxo ‘k’ eta ‘tx’ hizkiekin idazten da!».

Antzarrak kuadrillako lagunak, kalimotxoaren sortzaileak.
Antzarrak kuadrillako lagunak, kalimotxoaren sortzaileak. (Oscar MATXIN | FOKU)

Atzo 50 urte bete ziren Algortako (Getxo) Antzarrak kuadrillako lagunek kalimotxoa asmatu zutenetik. Efemeridea ospatzeko jendetza bildu zen Algortatik mundu osora zabaldu den edari ikonikoaren asmatzaileei egin zieten omenaldian, portuan bertan. Talde argazkia atera ostean, aurreskua dantzatu, bertso bat abestu eta plaka oroigarri bat oparitu zieten Antzarrak kuadrillako kideei.

Agustin Martinez Txintxu Antzarrak kuadrillako kide eta edariaren asmatzaileetako batekin izan zen GARA. Kuadrillaren kamiseta urdin ilun bereizgarria soinean, 1972an garagardoa eta ardoa edaten zirela batik bat gogoratu zuen.

Portu Zaharreko jaietarako ardo eskaria egin zutenean, ardoa ozpinduta iritsi zen, eta zapore txarra disimulatzeko metodo baten bila hasi ziren algortarrak. «Norbaitek esan zuen: ‘Zergatik ez dugu koktel bat sortzen?’. Orduan, dena nahasten hasi ginen. Konplikatua izan zen, dena botilaz botila sartu behar genuelako. Alboan bazegoen etxean bainuontzi bat zuen igeltsero bat, eta haren bainuontzira bota genituen ardoa, coca-cola, zerbait gehiago eta izotz piloa. Bertan nahastu genuen guztia. Jada edabea eginda zegoen!», kontatu zuen.

Nahastea egin ostean, tabernaz taberna hasi aurretik edaria bainuontzitik atera beharra zegoen. Beraz, parrandan irten baino zertxobait lehenago jarri zuten edaria garraiatzeko hitzordua: «Kuadrillakoak tabernetan poteoan hasi baino lehen gelditu ginen edaria kargatzeko, eta Kalimero eta beste mutil bat, Motxon, berandu iritsi ziren; ‘han datoz Kalimero eta Motxon!’. Eta hortik irten zen Kalimotxo».

Osagai nagusietako bat ozpinduta egon arren, edaria oso arrakastatsua izan zen. Horren erakusle, ozpindutako ardo guzti-guztia amaitu zen.

Omenaldian egindako hitzaldian aipatu zutenez, gaur egun, mundu osoan 500 milioi pertsonak ezagutzen dute kalimotxoa. Alabaina, pertsona horien guztien artean, badaude oraindik nola idazten den ez dakiten despistatuak, eta horientzat mezu argi bat utzi zuen Txintxuk: «Beti euskarazko izenak izorratu nahi dituzte! Kalimotxo ‘k’ eta ‘tx’ hizkiekin idazten da!».

Portu zaharretik Sanferminetara

1972ko Algortako Portu Zaharreko jai horietatik aurrera, ardo eta coca-colaz egindako edaria laster hasi zen inguruko herrietatik zehar zabaltzen. Dena den, Antzarrak kuadrillakoak Iruñeko sanferminetara parrandan joan zirenean, bertan inork ez zekien zer demontre zen kalimotxoa.

«Sortu eta hurrengo sanferminetan kalimotxo bat eskatu genuen eta ez zekiten zer zen. Hainbeste aldiz barrara joan eta joan ibili ostean, ondo baino hobeto ikasi zuten azkenean. Urtebete geroago sanferminetara itzuli ginenean, peña guztiek karteletan ‘kalimotxo’ idatzita zuten. Niri behintzat sekulako ilusioa egin zidan», adierazi zuen Txintxuk.

Errezeta ofiziala

Ordutik hona, edaria aski ezaguna egin da eta modalitate berriak ere asmatu izan dituzte, ezagunenetarikoa, akaso, kalimotxozko izozkia. Nolanahi ere, Txintxuk oraindik sinetsi ezinik gogoratu zuen atzo Araban egin zen Munduko Kalimotxo Koktel Lehiaketako epaimahaiko presidentea izan zenekoa. «Batek kabiarra zuen. Horrek ez zuen kalimotxo zaporerik! Nik ez dakit zer zen ere! Gainera, puntuazioa jarri behar nion, eta ez nekien zer egin!», esplikatu zuen.

Zerbait eraberritzea batzuetan erabaki onena ez dela ikusita, Txintxuk kalimotxo on baten errezeta tradizionala zein den azaldu zuen: «Ardoa, izotza, coca-cola eta listo. Nahi baduzu, limoi edo laranja bota diezaiokezu, baina kito!».

Ildo horretatik, Txintxuk jakinarazi zuen berari gehien gustatzen zaion kalimotxoa «txosnetakoa» dela. «Dirudienez txarrena da, baina niri primerakoa iruditzen zait», aitortu zuen.

Azkenik, GARArentzako esklusiban, algortarrak aitortu zuen Antzarrak kuadrillako lagunek, 70 urte ingurukoak guztiak ere, «coca-cola 0» botatzen diotela edariari. «Adinaren kontuak! Osasuna zaindu beharrean gara jada asko, eta, beraz, ‘coca-cola 0’ denontzat!», azaldu zuen barrezka.