GARA

Tximino baztangaren 183 kasu detektatu dituzte dagoeneko EAEn, duela bi aste baino 42 gehiago

Lakuako Osasun Sailak “MonkeyPox” izenez ere ezagutzen den tximino baztangaren kasu erregistratuak eguneratu ditu. Bada, guztira 183 kasu detektatu dituztela jakinarazteaz gain, adierazi du 121 txerto eman direla dagoeneko, jaso direnen %85. Identifikatutako 183 kasuetatik 137 Bizkaian izan dira, 36 Gipuzkoan eta 10 Araban. Sexuaren arabera, berriz, kutsatuetatik 178 gizonak dira eta 5 emakumeak. Guztiek sintoma arinak dituzte eta etxean isolamendua bete behar dutela adierazi zaie, Osakidetzak jarraipen anbulatorioa eginda.

Joan den astean hasi zuen Osakidetzak tximino baztangaren aurkako txertaketa, 141 dosi jaso ondoren. Horietatik 121 jarri ditu orain arte: 81 Bizkaian, 26 Gipuzkoan eta 14 Araban. Gainerako dosiak esleituta daude, Osasun Publikoaren Batzordeak ezarritako irizpideei jarraituz. 18 eta 45 urte bitarteko pertsonak dira gehienak, arrisku handiko praktika sexualak izan dituztenak eta gaixotasuna igaro ez dutenak, edo larriki gaixotzeko arriskua izanik kutsatutako norbaitekin kontaktu estua izan dutenak gaixotasunaren lehen 14 egunetan, hau da, haurdun daudenak, haurrak eta immunodeprimituak. Osakidetza irizpideak betetzen dituztenekin jarri da harremanetan txertoa jartzeko.