GARA
OREXA

Mikel Atxega errefuxiatu ohi eta Orexako alkate izandakoa zendu da

Mikel Atxega Malkorra erbestetik itzuli eta Lapurdin bizi zen. Bertan zendu zen atzo goizean, gaixotasun larri baten ondorioz.

Auzitegi espainiarren jazarpenari iskin egiteko alde egin aurretik, Orexako alkatea izan zen Atxega, 1987an, herritarrek HBko zerrendan hautatu ondoren.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an Biarritzen jakinarazi zuen apustu politikoari heldu zion, beste dozenaka errepresaliatuk bezala. Lapurdin egin dio aurre gaixotasunari gehienbat.

Seguru asko, asteazkenean egingo diote azken agurra Hendaiako beilatokian.

Hilabeteko epean hil den bigarren iheslari ohia da Atxega, uztailaren 16an Lazaro Galarzak ere azken hatsa eman baitzuen Mexikon lan istripu baten ondorioz. Atxega bezala, etxera itzuli ondoren, jaioterritik kanpo hil zen.

Sortuko ordezkari Haimar Altunak sareetan gogoratu zuen Atxega: «Mikel, ezinezkoa zaidak agur esatea, beraz egin ezak hegaka lasai hire lur kuttunean. Bazekiat begirada altxa eta Urkita zein beste gailurren gainean iparra erakusten jarraituko dekela, beti bezala alai eta tinko. Agur eta Ohore Alkate !!!».