Mikel ZUBIMENDI
IRAULTZA PSIKODELIKOA ABIAN DA AEB-ETAN

Sorgin zorrotza legeztatzear da terapia psikodelikoetan

Joe Bidenek terapia psikodelikoak despenalizatu eta legeztatzeko prozesua abiatu du. Psilozibina edo MDMA droga sintetiko bizigarri eta haluzinogenoa erabiliko dituzten terapien legeztatzea osasun mental mailan herrialdeak bizi duen krisiaren aurrean -covidak larriagotutakoa- lagungarri izan daitezkeen usteak bultzatua da.

Ezkerrean, sorgin zorrotzen kultiboa; behean, sorgin zorrotz basak, makina bat euskal jendek beren bidaia psikodelikoetan bidaide hartutakoak.
Ezkerrean, sorgin zorrotzen kultiboa; behean, sorgin zorrotz basak, makina bat euskal jendek beren bidaia psikodelikoetan bidaide hartutakoak. (GETTY)

Nork ez du sorgin zorrotza, «mongia», gure perretxiko haluzinogeno eta magikoa ezagutzen? Perretxikoon osagai aktiboarekin, psilozibina eta psilozinarekin, nork ez du bidaia psikodelikoren baten esperientzia izan? Nori ez dizkio zentzuak eta pertzepzioak aztoratu? Antzinatik erabili izan dira, bidaia espiritualetarako, xamanaren bitartekaritzaz tribukideak jainkoekin, hildakoen maiteekin, harremanetan jartzeko. Baina gaurkotasuna ez dute galtzen. Hainbat zientzia ikerketaren arabera, umorea hobetu eta antsietatea baretu egiten dituzte, depresioak kaltetutako burmuineko sare neuronalak berrindartzeko eta berrezartzeko gaitasuna dute, aspaldikoak bezain oraingoak dira, iraganekoak bezain etorkizunekoak.

Euskal Herrian asko kontsumitzen dira sorgin zorrotzak. Ez arrazoi espiritual edo xamanikoengatik, dibertsioagatik baino. Eta hil, inor hiltzen ez dutenez, bada, bestelako ondorioak ere badituzte, kasu batzuetan, mendekotasuneraino irits daitezkeenak. Oka, beherakoa, urdaileko karranpak, bihotz taupaden azkartzea, odol presioaren igotzea… horrelakoak aski dokumentatuak daude. Baina, hala ere, kontsumitzaileek gogo onez jarraitzen dute beren esperientzia eta bidaietan. Eta, gainera, esperantza bat dira gaixotasun mentalak pairatzen dituzten askorentzat.

LEGEZTATZE PROZESUA ABIAN

Ameriketako Estatu Batuetatik dator notizia: Joe Bidenen administrazioak terapia psikodelikoak legeztatzeko prozesua abiatu du. Edo nahi bada, substantzia psikodelikoen despenalizazioaren prozesua. Bi urteren buruan bukatu daitekeena. Jakina ez dela Bidenen lehentasun politiko gorena. Baina datozen hilabeteetan aldaketa handiak iragartzen dira, sorgin zorrotzen psilozibinari eta MDMAri debeku federala kenduko dieten susmoak biderkatu baitira. Elkarrizketa publiko hori abian da, aurreiritziak uxatzen ari dira. Neurozientzialariak, farmakologoak eta legeztatze prozesuetan aditu diren abokatuak aspaldi dabiltza bidea urratzen, legeztatzea errealitate bihur dadin bidetik trabak kentzen. Terapia psikodelikoen aldekoak urteetan aldarrikatzen aritu direna orain aitortzen hasi da Bidenen administrazioa: halako terapiek lagundu egin dezakete herrialdeak osasun mental mailan dituen desafio larrienak zuzentzen eta beharrezkoa ez den sufrimendua arintzen.

Iraultza kopernikarra agian ez, baina iraultza psikodelikoa bidean da. MDMA edo psilobizina «medikuntzan onartutako erabilerarik gabeko, neurriz kanpoko erabilerarako edo abusurako aproposak» diren drogen artean sailkatzetik, osasun mental mailako erronkei aurre egiteko lagungarri izatera pasatuko direlako. Depresioa edo estres postraumatikoa bezalako buruko nahasmenduen terapia egoki.

AEBetako egungo lege federalen arabera, terapia horien erabiltzaileak -eta laguntzen dieten terapeutak- arriskuan daude. Eta lege horiek aldatu ezean, arautu gabeko eremu gris batean mugitzera kondenatuta daude, are kontsumitzaileak zigor larrien mehatxupean daude. Egoera errotik aldatu daiteke datozen hilabeteetan, baldin eta Bidenen gobernuak aurreratu bezala, FDAk -Food and Drug Administration, elikagaiak, sendagaiak, kosmetikoak eta produktu biologikoak arautzeko ardura duen agentzia- oniritzia ematen badie terapia psikodelikoei.

Baina zergatik jo legedia federalaren aurka, estatuz estatu, konderriz konderri, legeztatze edo despenalizaziorako bideak irekita daudenean? Zergatik ez ikasi marihuanak egindako bideaz eta substantzia psikodelikoek haren arrastoari jarraitu?

Oregon estatuak, adibidez, psilozibinazko terapiak legeztatu ditu, Washington DCk landare eta onddotan oinarritutako psikodeliko denak deskriminalizatu ditu. Hawaiiko estatuan psilozibinazko terapiak legeztatzeko eskaera egin berri da, Berkeleyn, Nashvillen… ekimenak ugaritzen ari dira nonahi. Psikodelikoen erabilera legeztatzearen aldekoak baikor ageri dira AEBetan, Bidenek Obamak marihuanarekin egin zuena errepikatuko duen esperantzaz daude. Hots, orduan marihuanaren erabilera sendagarriak modu batean edo bestean legalak ziren estatuetako fiskalei zigor neurriak ez hartzeko eta prozedura penalak ez hasteko agindu zien bezala, Bidenek berdin jokatuko duela eta agindu bera helaraziko diola Merrick Garlandi, AEBetako Fiskal Nagusiari. Ikuskizun dago ere, laster ikusiko da, legeztatze prozesuak martxan jarri dituzten estatuetan DEAk (Drogen Aurkako Agentziak) atxiloketak egingo dituen ala ez.

ZER DIO ZIENTZIAK ETA ZER EZ?

Hori da egin beharreko galdera. Perretxiko magikoen osagai aktiboa den psilozibinaren kasuan, nahaste depresiboen hobekuntza klinikoaren bidean laguntzen duela ikertu da. Ez duela mendekotasuna sortzen, ezta giza organoetan min edo kalterik sortzen ere. Entsegu klinikoetan ikusi denez, MDMAk estres postraumatikoa duten gaixoekin egiten duen bezala. Baina ikerketa txikiak izan dira, sendabide psikodelikoen legeztatze orokor baten aurrean eskala handiago bat beharko litzateke. Eta, bestalde, pazienteengan sor ditzaketen ondorio kaltegarriak ere sakonago aztertu behar dira. «Bidaia txarrak» oso ohikoak direlako psikodelikoekin harremana izan dutenen artean; psikosia ere eragin dezaketela idatzi izan da hainbat zientzia argitalpenetan ere. Asko, asko dago egiteke eta egiteko.

Egun, hiru estatubatuarretatik bat antsietateak edo depresioak -edo biak- jota dago. Eta seitik batek medikazio psikiatrikoa hartzen du. Alegia, gaixotasun mentalen erdiak ez direla tratatzen. Osasun mentalaren sisteman disfuntzionaltasunak daude konpainia farmazeutiko eta aseguru konpainientzat edozein arazo psikiatrikoren soluzioa pilula bat delako, erregularki hartu beharrekoa.

Horren jakitun, substantzia psikodelikoen ikertzaile eta kartsuentzat, legeztatzeari dagokionez, haizeak beren alde jotzen ari dira. Berpizkunde psikodeliko baten itzala gerturatzen eta haren lekuko izango diren ustea sendotzen ari dira.

URREZKO ARRAUTZEN OILOA

Bat-batean dirua barra-barra dabil sektorean. AEBetako unibertsitate ospetsuenek droga psikodelikoen inguruan ikerketak bultzatzeko departamentuak sortu dituzte. Autismoa, anorexia eta gaixo terminalen antsietatea tratatzeko baliagarriak ote diren ikertzen ari dira New Yorkeko Mount Sinai bezalako ospitaleetan. Manhattanen «luxuzko bidaiarako logelak» eskaintzen dituzte medikuntza psikodelikoaren esperientzia bizi nahi dutenek erraztasun denak izateko.

Johnson&Johnson konpainia farmazeutiko tradizionalak eta merkatuaren «aztoratzaile» diren MindMed eta Compass Pathways bezalako berriak prest daude jada substantzia psikodelikoen legeztatzea kapitalizatzeko. Compass Pathwaysek psilozibina sintetikoaren patentea bereganatu du. Estimazio ezberdinen arabera, psikodelikoen merkatua 69.000 milioi dolarreraino haziko da 2025. urterako, garagardo artesanalen merkatuaren tamainaren bi herenetaraino gutxi gorabehera.

Eta, agian, psikodelikoen psikiatria errailetik irteten ari da. Oparotasun, pentsamendu utopiko eta ikuspegi kliniko oso ezberdinetatik ikuspegi sistematikoagoetara pasatzen ari da, tratamendu psikodelikoak ebidentzietan oinarritutako paradigma psikiatrikoetan txertatuz. Eta, agian, hori berori da psikodelikoentzat mehatxurik handiena. Kapitalismoa kapitalismoa baita, irabazien maximizazioa du lege, eta bestelako kezka eta pertsonen beharrak geroratu egiten ditu.

AEBak txerpolari eta berbontzien herrialdea dira, jainko txiki eta farfailena. Paranoia askoren herrialdea. Birsortze psikodelikoa bizkortzen ari da. Baina ez da bide erraza izango, etsi-etsian sinestea behar duen herrialdean. Ez dago argi nola aldatu daitezkeen kontuak. Ikusi eta itxaron beharko da, publikoak zer egiten duen ikusi eta ea zer gertatzen den.