Imanol CARRILLO
PILOTA

Ezkurdia-Mariezkurrena bikain moldatzen ari dira, besteak oraindik deseroso

Atzo urdinez jantzitako bi pilotariek hirugarren garaipena lortu zuten, jada sailkatzea beren eskuetan ez duten Urrutikoetxea eta Rezustaren aurka.

Ezkurdiak indar handia eman zion pilotari eta 11 tanto egin zituen partidan.
Ezkurdiak indar handia eman zion pilotari eta 11 tanto egin zituen partidan. (Idoia ZABALETA FOKU)

Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuak CaixaBank Masterseko laugarren jardunaldiko partida jaso zuen atzo arratsaldean orain arte guztiz emaitza ezberdinak lortu dituzten bi bikoteren artean. Alde batetik, oraindik garaipenik gabe jarraitzen duten Mikel Urrutikoetxea eta Beñat Rezusta gorriz jantzita, eta beste aldean lautik hiru garaipen dituzten Ezkurdia eta Mariezkurrena.

Enpresa ezberdinetako bikoteen arteko txapelketa honetan atzo urdinez jantzita egon ziren pilotariek hobeto moldatu direla baieztatu zuten berriro ere. Joseba Ezkurdiak aurreko koadroak dominatzen ditu bere indarraren bidez eta Zarautzen beste indar erakustaldi bat eskaini zuen bi pareten bidez.

Horri atzean duen bizkartzain seguru eta indartsuak osatzen duen faktore garrantzitsua gehitzen badiogu, bikote menderaezina edo behintzat irabazteko zaila bihurtzen du. Atzo 0-6 aurreratu ziren ziztu bizian. Aipatzekoak 0-3 eta 0-4 tantoak, Ezkurdiaren bi tanto eder: lehenengoa bi paretak ezkerrez eta airez, eta bigarrena ezkerrez zabalera dena bere alde zuela.

Hala ere, lorturiko abantaila polit hori pixkanaka apurtzen joan zen. Gorriek oso defentsa ona erakutsi zuten eta bere pilotarekin min egiten hasi ziren. Egia da lehen atsedenaldira 5-12 iritsi zirela aurretik urdinak, baina ondoren 7-2ko partzial bat sinatu zuten Mikel Urrutikoetxeak eta Beñat Rezustak, tartean Zaratamoko aurrelariak ezker gantxo zoragarri batekin egindako tanto bat egon zelarik.

BI TANTORA JARRI, BAINA EZIN AMAITU LANAK.

Urdinak esnatu egin ziren berriro eta markagailuan ihes egin zuten 12-17raino, baina berriro bi tantoko aldea egon zen Urrutikoetxearen bi tantori eta Ezkurdiaren huts bati esker. 15-17koa ere ikusi ahal izan zen Aritzbataldeko markagailuan, baina hortxe amaitu ziren pilotari gorrien aukera guztiak.

Arrazoia? Ezkurdiaren bi pareta indartsuak eta atzean egindako beste tanto bat eta, gehienbat, gorrien hiru hutsak, ia aukerarik gabe utzi baitzieten. Are gehiago, orain ez dute beren eskuetan sailkatzea. Bikote urdinak, aldiz, lau partidatik hiru garaipen lortu ditu eta udako lider sendoak dira.