Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Gondola edo SUP taula, aukera anitz eskaintzen dituen modalitatea

Errekan, lakuan edo itsasoan, ur azal lauan edo olatu gainean, stand up paddleak naturaz gozatu eta kirola egiteko aukera anitz eskaintzen dizkie adin eta izaera guztietako pertsonei. Hona lagungarri izan daitezkeen zenbait irizpide.

Iñaki Navascues SUP irakaslea Hondarribiko badian. Iñigo Landa aizkolaria eta Axi Munian surflaria SUP taula handi baten gainean.
Iñaki Navascues SUP irakaslea Hondarribiko badian. Iñigo Landa aizkolaria eta Axi Munian surflaria SUP taula handi baten gainean. (Jon URBE - Gorka RUBIO - Marisol RAMIREZ - Juan Carlos RUIZ FOKU)

Azken urteetan indar handia hartu du gondola edo SUP (stand up paddle) modalitate&dle;´ak, besteak beste, edonork egin dezakeen kirola delako eta, batez ere, aukera anitz eskaintzen dituen modalitatea delako. Itsasoan olatuak hartu, errekan behera jaitsi edo aintzira batean itzuli bat egin daiteke patxadan; aukera asko eskaintzen ditu gondolak.

Litekeena da arraunik gabe olatuak hartzen hasi aitzin Polinesiako arrantzaleak gondolekin surf egiten aritu izana. Munduko beste zenbait lekutan ere olatuak hartzen zituzten ontzi txikietan zutik arraun egiten. Perun, esaterako, bi mila urte baino gehiago daramate «totora zalditxoekin» olatuak hartzen. Euskal Herrian, ostera, aspalditik erabiltzen dira ibaian angulak arrantzatzeko ontzi txiki batzuk, arrantzaleak zutik arraun eginaz abiarazten dituenak.

Edonola ere, SUP modalitatea anitza da, modu eta leku desberdinetan praktikatu daiteke eta adin guztietako jendeak egin dezake, baina erabiltzaileak duen helburuaren arabera taula mota aldatu egiten da. Ez da gauza bera arrantza egitera joatea edo olatuak hartzen aritzea. Erabiltzailearen abilezia ere kontuan hartzekoa da, gondola batzuk besteak baino egonkorragoak baitira. Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait irizpide.

taula motak.

SUP egiten hasteko gure buruari egin behar diogun lehen galdera honakoa da? Zertarako nahi dut gondola bat? Olatuak hartu, zeharkaldiak egin, errekan behera jaitsi, lakuan ibili, arrantza egin, lasterka egin, edo denetik pixka bat? Aukerak anitzak dira, baina helburuaren arabera taula mota desberdina beharko da.

Hasiberrientzako taulak handiak eta zabalak dira eta oso egonkorrak. Oreka arazoak dituen edonork egin dezake arraun hasiberrientzako gondola batean, zutik zein belauniko, egonkortasuna bermatzeko diseinatuak baitira. Hasiberrientzako taula batekin edozer egin daiteke, bai olatuak hartu eta bai ibilaldi bat egin, baina esperientzia hartu ahala helburu berrietara hobeto egokitzen den taula bat beharko da. Adibidez, hasiberrientzako taula batekin olatuak har daitezke, baina ez da taula egokiena horretarako; badira zehazki olatu gainean ibiltzeko erraztasun handiagoak eskaintzen dituzten SUP taulak.

Hasiberrientzako taulez gain, hiru multzotan banatzen dira SUP taulak. Batzuk taula alboetara mugitu ahal izateko diseinatuak daude; hauek surf egiteko erabiltzen dira. Besteak, itsasoan azkar arraun egiteko dira, “deportiboak” dira. Eta azkenik, ibilaldiak egiteko taulak daude, egonkorrak eta zurrunak dira eta batez ere laku, erreka eta eremu lasaietan erabili ohi dira.

Taula hauetako bakoitza bereizteko modurik hoberena forma da. Hasiberrientzako taulak zabalak dira eta punta ia borobila dute. Surf egiteko taula ere zabala da, baina puntan amaitzen da. “SUP deportiboa” da meheena eta, gezi baten moduan, punta zorrotzarekin amaitzen da. Azkenik, ibilaldiak egiteko taula dago, hau ere puntan amaitzen da, baina ez da lasterka aritzeko taula bezain estua.

 

Biguna edo gogorra.

Taularen forma edozein dela ere, materialari dagokionez bi taula mota aurki ditzakegu, gogorrak eta bigunak. Orokorrean, taula gogorrak teknikoagoak dira, iraupen handiagoa dute eta handiak izan arren nahiko arinak dira, baina garestiagoak ere badira. Taula bigunak, ostera, puzgarriak dira, oso malguak dira eta iraupen laburragoa dute, baina praktikoak dira: berauek gordetzeko ez da leku handirik behar, maleta baten modukoak bilakatzen baitira husten direnean.

Taula gogorrek surf taulen antz handia dute, badira kortxo, zuntz eta poliesterrarekin egindakoak, eta baita epoxy erretxinarekin egindakoak ere. Azken hauek barrualdea hutsa dute eta nahiko arinak dira, eta gainera azala oso gogorra dute; ondorioz, iraupen luzekoak dira. Batez beste, 600 euro eta 1.200 euro artean balio dute epoxy erretxinarekin egindako SUP taulek.SUP taula batek lehorrean kolpe anitz jasotzen ditu, handia izanik berauek mendean hartzea ez baita oso erraza. Erreketan edo hondoan haitzak diren lekuetan ere kolpeak oso ohikoak dira, horregatik halakoetan taula bigunak erabiltzea komenigarriagoa izaten da.

Olatuak hartzeko taula gogorrak dira egokienak, batez ere olatuaren gainean ariketak behar bezala burutu ahal izateko. Lasterka egiteko ere hobe da taula zurrun bat, bidean agertzen diren uhinei aurre egiteko egokiagoak baitira. Aitzitik, taulak malgutasun gutxiago izateak oreka gehiago eskatzen du, horregatik taula zurrunak egokiagoak dira gutxieneko esperientzia behintzat badutenentzat.

Taula zurrun batek baino hobeto leuntzen ditu haizearen edo uhinen kolpeak taula bigun batek, baina abiadura eta mugikortasunak mugatuagoak ere baditu. Ordea, arriskuei dagokienez, taula bigun bat seguruagoa da, bai norberak bere taularen kontra har ditzakeen kolpeen aurrean, eta bai beste norbaiti gure taularekin jotzen badiogu.

ERABILERA ANITZA.

SUP bigunak normalean puzgarriak dira. Hau da, autoaren maletategian eraman ditzakegu, beste motxilekin batera, eta itsasoratu aitzin puzgailu baten laguntzarekin taula prestatuko dugu. Hortaz, badu abantaila handi bat SUP puzgarriak, leku falta dutenentzat, baina denboraren poderioz airea galtzen hasten dira eta horrekin batera zurruntasuna ere galtzen dute. Egokienak gama altuko materialarekin eginak direnak dira, baina garestiagoak ere badira. Batez beste, 200 euro eta 800 euro artean balio dute SUP taula puzgarriek.

Hainbeste aukera eskaintzen duten taulak ia edozertarako erabil daitezke. Protesta ekimenetan erabili izan dira Bilboko ibaian edo presoen alde urtero egin ohi diren hondartzetako martxetan. Batzuek arrantza egitera joateko ere erabiltzen dituzte, besteek ur gainean lo kuluxka bat egiteko, batzuek yoga egiten dute SUP taula baten gainean etabeste batzuek urez inguratuta lasai irakurtzen egoteko erabiltzen dituzte.

Baina orain artean SUP taula baten gainean egin den erakustaldi ikusgarrienetakoa Axi Muniain surflari ospetsuak eta Iñigo Landa aizkolariak eskaini zuten, Zarauzko olatu artean enbor bat ebaki zutenean.