Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Orio, Ligako txapeldun hirugarren aldiz eta Hondarribiak aukerak berregin ditu

Mirotzek Arraun Lagunak-ek baino puntu bat gehiago behar zuten, eta atzo, askoz gehiago sufrituta -14 ehunenengatik bakarrik irabazi zuten-, lortu zuten Castro Urdialeseko uretan. Hondarribiak pil-pilean jarri du berriro ere Eusko Label Liga.

Nadeth Agirre Orioko patroia Castro Urdialeseko ikurrina astintzen Liga irabazi berritan.
Nadeth Agirre Orioko patroia Castro Urdialeseko ikurrina astintzen Liga irabazi berritan. (EUSKO LABEL LIGA)

Asteburu honetan Euskotren Liga irabazteko lehen aukera garbia zuen Oriok. Eta ez du hutsik egin! Larunbatean Ondarroan eta atzo Castro Urdialesen lortutako garaipenei esker, bere historiako hirugarren Liga altxatu zuten mirotzek, 2019 eta 2020koekin batera.

Iaz Arraun Lagunakek eraman zuen Liga, eta oriotarrek arantza hori zuten, ondoz ondoko hirugarrena lortzea eragotzi baitzieten donostiarrek. Oraingoan ere, azken momentura arte zail jarri zizkieten gauzak. Pentsa, hasiera batean Arraun Lagunaki eman zioten garaipena, baina foto-finishak erabaki zuen azkenean: 14 ehunen eskasengatik, Oriok lortu zuen garaipena eta Liga.

Hasiera parekatu baten ostean, pixkanaka euren nagusitasuna erakutsi zuten, eta oraindik bi estropada eta bandera bat falta direnean (Zarauzko Ikurrina), matematikoki txapeldun bihurtu da Orio, 10 garaipen lortu ostean: Donostian, Coruñako lehen jardunaldian, Orion, Zierbenan, Getxon, Lekeition, Hondarribian, Getarian, Ondarroan eta Castro Urdialesen.

Gainera, ekainean Gipuzkoako txapeldun izan zen eta Ligako azken txanpaz gain, oraindik Kontxako Bandera egongo da jokoan iraileko lehen bi igandeetan. Oriotarren arantza, ordea, Euskadiko Txapelketa izango da, Arraun Lagunakek irabazi baitzuen uztailean, Lekeition.

Atzoko Orioren eskifaia, Nadeth Agirre patroiaren gidaritzapean, arraunlari hauekin osatuta egon zen: Ane Arruti, Nagore Urdanpilleta, Itxaso Azkonobieta, Edith Uranga, Marina Sofia Cosci, Uxue Urra, Alaine Bereziartua, Amaia Arregi, Maddi Alkain, Maialen Aizpuru, Leyre Garate, Noa Viaño eta Mireia Uranga.

Beheko postu larrietan, berriz, Tolosaldeak Donostiarraren aurretik sartzea lortu zuen eta bi puntuko aldea besterik ez dago bi ontzi hauen artean sailkapen nagusian.

EUSKO LABEL LIGA: HONDARRIBIA, ARANTZA KENDUTA.

Aurreko asteburuan gertatutakoa behin ahaztuta -ziaboga bat gaizki hartu eta denbora asko galdu zuen-, Hondarribiak Ligarako borroka horretan aukera guztiak berreskuratu ditu berriro ere, denboraldiko bosgarren garaipena lortuz.

Ohorezko txandan arraun eginda, aurrekoan Donostiarrak lortutako denbora zuten berdeek hobetzeko. Eta kosta egin zitzaien! Pentsa, ez zen azken biraketa arte iraulia gertatu, gehienbat ur korronteak handiagoak zirelako momentu horretan. Hortik aurrera garaipena bere eskuetan zegoen eta estropadako bigarren posturako lehia horretan nork irabaziko zuen zegoen bakarrik jokoan. Urdaibai izan zen bigarren postuaren jabe, oso ehunen gutxigatik -74 alegia-, eta lider jarraituko du sei estropada geratzen direnean.

Beheko postuetan, aldiz, Aresek -asteburu osoan beste traineru bat erabili du- oso zaila du azken postutik ateratzea, eta Lekittarra eta Santurtzi kinka larrian daude, gehienbat lehenengoak asteburu osoan sufritu ostean.

Larunbatean Ondarroan gertatutako txikizioa nabaritu zen atzoko estropadan, txanden ordenan alegia. Hala, Hondarribiak eta Urdaibaik “lagun” berriak izan zituzten bezperan etxean irabazitako Ondarroarekin eta Caborekin.

Bigarren txandan, aldiz, Donostiarra eta Orio arraro sentituko ziren, baina “Torrekua II.a” izan zen ordurako denbora onena markatu zuena eta oso gutxigatik ez zuen estropadako bigarren postua lortu. Urdaibairen alde izan zen soilik 74 ehunengatik.

Bestalde, aipatzekoa da Getariaren urte bikaina. Atzo bosgarren izan zen lehen txandatik, borroka latza planteatu zien Zierbenari, Kaikuri eta arazo larrietan sartu den Lekittarrari, estropada ireki zuen proban irabazita.